Bizkaiko Aldundiko langileen ordezkariek euskararen aurkako azken epai judizialak salatu dituzte

Elkarretaratzearen irudia.
EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA
Actualizado: miércoles, 6 marzo 2024 12:50

BILBO, 6 (EUROPA PRESS)

Bizkaiko Foru Aldundiko langileen ordezkariek euskararen aurkako azken epai judizialak salatu dituzte eta adierazi ez dutela onartuko "ehunka lanpostu publiko arriskuan jartzea, hizkuntza eskakizunak eskatzea diskriminatzailea dela aitzakiatzat hartuta".

Ehundik gora lagunek elkarretaratzea egin dute asteazken honetan Bilbon, Foru Jauregian aurrean, auzitegiek euskararen ezagutza eskatzea "diskriminatzailea" dela iritzita Bizkaiko Aldundiko 227 lanposturen egonkortze, promozio eta esleitze prozesuak baliogabetu dituztela salatzeko.

Euskalgintzaren Kontseiluak eta ELA eta LAB sindikatuek antolatutako elkarretaratzean, bertaratutakoek euskararen normalizazioa oztopatzen ari den oldarraldi judiziala salatu eta langileen eta herritarren eskubideak aldarrikatu dituzte.

"Gaur, hemen elkartu gara, euskararen aurkako azken epai judizialak salatzeko, eta adierazteko ez dugula onartzen ehunka lanpostu publiko arriskuan jartzea, hizkuntzaeskakizunak eskatzea diskriminatzailea dela aitzakiatzat hartuta", adierazi dute foru erakundeko langileek protesta bilkuraren amaieran irakurritako adierazpenean.

Deitoratu dute gaztelera jakitea derrigorrezkoa dela lanpostu guztietan, eta euskara jakitea "batzuetan soilik". "Egoera honetan, euskararen ezagutza faktore diskriminatzaile moduan hartzen da, beste edozein ezagutza edo baldintzarekin gertatzen ez den bezala", adierazi dute.

Gaztelaniaren "erabateko hegemonia" inposatu nahi duten sektore judizial, politiko eta sindikalak daudela salatu dute, eta, azkenaldian ikusi den bezala, "etengabe" ari direla euskararen kontra egiten.

Ildo horretan, Bizkaiko Foru Aldundiak epai hauei errekurtsoa jartzeko hartutako erabakia txalotu dute, eta prozesu judizialei aurre egiteko behar diren bitarteko guztiak jartzeko eskatu.

AKORDIOA

Halaber, Euskalgintzaren Kontseiluak, ELAk eta LABek 15 urteko epean administrazioa euskalduntzea helburu duen akordioa nabarmendu dute. "Lanpostu guztietan euskarazko gutxieneko ezagutzak bermatzea nahi dugu, horrela bakarrik bermatuko baita euskaldunek euskarazko zerbitzua jaso ahal izatea, gaztelaniadunek bezalaxe", adierazi dute.

Era berean, iritzi diote horrela bakarrik bermatuko dela langile euskaldunek euskaraz lan egin ahal izatea. "Hartara, bide hau eskubideen bermea erdiestekoa da, ez inoren kontra eraikitzen, prozesu guztian egun administrazioetan lanean ari diren eta euskarazko ezagutzarik ez duten langile publikoentzat euskararen ezagutza jasotzeko bide eta baliabideak planteatzen ditugu", azaldu dute.

Bestalde, euskararen lege berri bat eta administrazioa euskalduntzeko hizkuntza politika berri bat eskatu diete alderdi politikoei. Ildo horretan, uste dute Jaurlaritzak EAEko sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko onartu duen dekretuak ez duela aldaketarik ekarriko eta, beraz, "aukera galdua" dela administrazioaren euskalduntzean jauzi bat emateko.

"Ez dugu onartuko gaztelaniaren inposaketa ontzat ematea eta euskararen ezagutza pribilegio moduan tratatzea. Animatzen zaituztegu euskaraz lan egiten eta bizitzen jarraitzera eta euskararen aurkako eraso hauei aurre egiteko mobilizazioetan parte hartzera", esan dute.