Bizkaiko Bertsolari Txapelketa printzipioz 2021era atzeratu dute

Bertso saioa
BIZKAIKO BERTSOZALE ELKARTEA
Actualizado: viernes, 25 septiembre 2020 11:35

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

Bizkaiko Bertsolari Elkarteak ostiral honetan jakinarazi du aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketa printzipioz 2021era atzeratzea erabaki duela, covid-19 gaitzak eragindako egoera tarteko. 'Udabarria Bertsotan' amaitu eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketan kantatuko duten bertsolarien zerrenda zehaztu ondoren hartu du erabakia Bizkaiko Bertsolari Elkarteak, "zalantza eta bilera askoren ostean".

"Txapelketak parte hartzaileengan duen eragina handia da, euren ikusgarritasuna plaza honek ematen du eta hurrengo urteetarako plazak eskaintzen dizkie. Urte berezia da, eta zaila da aukera berdintasuna bermatzea egoera honetan. Batetik, saioen ezaugarriak pandemiaren
bilakaeraren arabera aldatu daitezke eta, bestetik, sailkapen izaera duenez, saio batetan parte hartu ahal ez izateak, txapelketa osoa galtzea eragingo luke", azaldu dute Bizkaiko Bertsozale Elkartetik.

Dena den, elkarteak uste du txapelketako saioak egiteko baldintzarik egon ez arren, bestelako saio mota asko antolatu daitezkeela guztion osasuna bermatuz. Ildo horretan, "kultura segurua" dela berretsi nahi du, eta "guztiok seguru egonda egiteko moduko saioak" antola daitezkeela uste du. Horregatik, udazken honetarako bertso saioen zirkuitoxo bat antolatzen ari da, "kulturak merezi duelako eta bertsozaleek ere bai". Aurrerago emango ditu horri buruzko xehetasunak.