BILBO, 11 (EUROPA PRESS)
Booktuberboom_+ lehiaketaren zortzigarren edizioan parte hartzeko epea azaroaren 25ean amaituko da, 12:00etan. Parte hartzeko informazioa eta oinarriak booktuberboom.wordpress.com web orrian daude eskuragarri, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Euskal Herriko gazteen artean ikus-entzunezkoen bidez irakurzaletasuna sustatzeko helburuarekin jarri zen martxan Booktuberboom egitasmoa 2017an, Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuaren eta Galtzagorri elkartearen eskutik.
Aurtengoa, Booktuberboom_+ lehiaketaren zortzigarren edizioa da, eta, aurrekoetan bezala, euskal liburuen 'influencer' komunitatea sortzea eta indartzea da helburua. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 14 eta 18 urte bitarteko gazteen parte hartzea bilatzen da.
Lehiaketan parte hartzeko kategoriak Booktuber, Bookstagrammer eta Booktoker dira, eta bi modutan parte hartu daiteke: publikoa edo pribatua. Azken hori aukeratuz gero, bidalitako booktubea, bookstagrama edo booktoka epaiamahaiak soilik ikusiko du, baina parte hartzaile pribatuak ezin izango du Publikoaren saria eskuratu.
Bada, Booktuberboom_+ lehiaketan parte hartzeko epea azaroaren 25eko 12:00etan amaituko da. Ondoren, publiko zabalaren txanda izango da, eta lehiaketaren blogean argitaratuko den esteka bati jarraituz edonork izango du aukera modu publikoan aurkeztu diren booktubeak, bookstagramak edo booktokak bozkatzeko. Parte hartzeko informazioa eta oinarriak booktuberboom.wordpress.com orrialdean daude eskuragarri.