DONOSTIA 7 Abr. (EUROPA PRESS) -
Ertzaintzak bost lagun atxilotu ditu bart gauerdi aldean Donostiako Martutene auzoan lesio larriak eragitea leporatuta. Atxilotuek hiru pertsonari eraso egin zieten, oraindik ikertzen ari diren arrazoiengatik, eta haietako bat erietxera eraman zuten zaurien larritasuna ikusita.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, igandeko 23:00ak aldera polizia bertaratzeko eskatu zuten Martutene auzotik, hainbat pertsona borrokan ari zirela eta.
Bertaratu ziren agenteek hiru gizon aurkitu zituzten bide publikoan. Bati aurpegian eta buruan zituen zaurietatik odola zeriola ikusita, osasun zerbitzuak berehala agertzeko eskatu zuten. Ondoren, zauritua anbulantzian eraman zuten Donostiako Unibertsitate Ospitalera.
Pertsona horien adierazpenen arabera, bost gaztek eraso egin zieten, eta bati poltsa lapurtu zioten diru zorro eta guzti. Ustezko egileak inguruko eraikin batean bizi ziren, eta bertaratu ziren poliziek eraikineko bizilagunak identifikatu zituzten. Ondoren, identifikatuetako bost pertsona atxilotu zituzten lesio larrien delitua leporatuta.
Ertzaintza gertaeraren arrazoiak ikertzen ari da, eta, orain arte jakindakoaren arabera, erasotzaileek eta biktimek elkar ezagutzen zuten. Atxilotuak 21 eta 25 urte bitartekoak dira, eta dagozkion polizia eginbideak amaitu ondoren jarriko dituzte agintari judizialaren eskuetan.