CAF-Elhuyar sariketak argazkilaritza lanak ere aitortuko ditu aurten

2025Eko CAF-Elhuyar Sariak
ELHUYAR
Europa Press País Vasco
Publicado: sábado, 19 abril 2025 10:39

BILBO 19 Abr. (EUROPA PRESS) -

Elhuyarrek eta CAF enpresak Neiker institutuaren babesarekin antolatzen duten CAF-Elhuyar sariketaren 2025eko edizioa martxan dago, 'Begi berriz kontatzeko' goiburuarekin, eta kategoria berria izango du, argazkilaritza lanak ere aitortuko baititu. Lanak aurkezteko epea uztailaren 1ean itxiko da.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, sariketaren helburua da zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa eta kazetaritza bultzatzea, saritzea eta aitortzea, eta gai horiek gizartera hurbiltzea, argazkilaritza lanak ere aitortuz.

Aurtengo leloa 'Begi berriz kontatzeko' da, berrituta baitator CAF-Elhuyar sariketa. Izan ere, gizartearen etengabeko bilakaerarekin bat eginez, kategoriak egokitu dira, eta artikuluak eta audioak saritzeko kategoriei, argazkilaritza zientifikoarena gehitu zaie. Gazteek leku berezia izango dute kategoria horretan, eta argazkien bitartez beren ikuspegia ematera gonbidatuko dituzte.

Modu honetan, dibulgazio artikuluen kategoriara euskaraz sortutako dibulgazio lanak aurkeztu beharko dira, zientzia eta teknologiaren arlokoak.

Kategoria honen baitan, artikulu orokorrak aurkez daitezke, hau da, edozein zientzia edo teknologia gairi buruzko dibulgazio artikuluak, edota norberaren ikerketan oinarritutakoak, hots, zientziako edota teknologiako norberaren tesietan oinarritutako dibulgazio lanak edo norbere ikerketari buruzko artikuluak. 2.000 euro, oroigarri bat eta 'Elhuyar' aldizkarirako urtebeteko harpidetza lortuko ditu irabazleak.

Bestalde, zientzia kazetaritza kategoriara argitaratutako kazetaritza lanak aurkeztu beharko dira, bi formatukoak: idatzizkoak (euskarazko hedabide batean argitaratutako zientzia kazetaritzako artikuluak) eta audioak (zientzia eta teknologiako gaiak gizarteratzeko irrati piezak edo podcast audioak, euskaraz sortuak). Irabazleak 1.000 euro, oroigarri bat eta 'Elhuyar' aldizkarirako urtebeteko harpidetza eskuratuko ditu.

Hirugarrenik, argazkilaritza lanen kategoria berrira zientziarekin edota teknologiarekin lotura duten argazkiak aurkeztuko dira. Bi azpikategoria egongo dira: heldu edo 18 urtetik gorakoentzat (2.000 euro, oroigarria eta 'Elhuyar' aldizkarirako urtebeteko harpidetza irabazlaerentzat) eta gazte edo 14-18 urtekoentzat (zientzia edota teknologiarekin zerikusia duen esperientzia bat gozatzeko aukera -1.000 euro inguruko balioa- eta 'Elhuyar' aldizkariaren urtebeteko harpidetza).

Azkenik, Neiker saria emango zaio lehen sektoreari lotutako artikulu onenari, eta irabazleak 2.000 euro, oroigarri bat eta 'Elhuyar' aldizkarirako urtebeteko harpidetza jasoko ditu. Sari hau bateragarria da beste sariekin.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado