CIC nanoGUNEk hardware kuantikoa garatzeko ikerketa talde berria eratu du

CICnanoGUNE Donostian
CIC NANOGUNE
Actualizado: viernes, 5 julio 2024 11:51

DONOSTIA, 5 (EUROPA PRESS)

CIC nanoGUNE nanozientzia eta nanoteknologia ikertzen dituen euskal zentroak talde berria jarriko du martxan hardware kuantikoa garatzeko eta lankidetza hitzarmena sinatu du hardware kuantikoaren garapenean aitzindaria den Quantum Motion enpresa britainiarrarekin. nanoGUNEren Donostiako egoitzan eraikiko den The Quantum Tower dorre berrian kokatuko dira talde berriaren laborategiak nahiz Quantum Motion enpresa.

Euskal ikerketa zentroko iturriek jakinarazi dutenez, teknologia kuantikoen ikerketa talde berriaren helburua da ordenagailu kuantikoak diseinatzea eta garatzea, erronka konputazional erraldoiei heldu ahal izateko, hala nola sendagai berrien diseinua edo material jasangarri berrien ekoizpena.

"Ikerketa talde honen sorrerak agerian jartzen du nanoGUNE teknologia iraultzaile hauen alde egiten ari den apustu garbia, teknologia horiek gizartean eta tokiko ekosisteman eragin handia izango dutelakoan", nabarmendu dute.

Horrela, nanoGUNEk silizioaren teknologian oinarrituriko txip kuantikoen garapenari ekingo dio, silizioaren manufaktura azpiegitura oso garatua baitago, teknologia hori bera erabiltzen delarik ohiko ordenagailuen, telefono adimendunen eta autoen mikroprozesadoreetan.

nanoGUNEn garatuko den silizioaren teknologia kuantiko berria etorkizun handiko teknologia da, silizioaren egungo industriaren garapen, gaitasun eta ezagutzari etekina aterako baitio. Gainera, teknologia hori onuragarria da miniaturizaziorako, bit kuantiko (edo qubit) bakoitzak nanometro (milimetro baten milioirena) gutxi batzuk baititu. Konputazio kuantikoaren ahalmen ikaragarria silizioaren sinpletasunarekin biltzeak etorkizun handiko aukera dakar teknologia kuantikoak gauzatzeko.

GONZALEZ-ZALBA

Teknologia kuantikoen ikerketa talde berriaren buru Fernando Gonzalez-Zalba fisikari nafarra izango da. Une honetan Quantum Motion enpresako kuantikako ikertzaile nagusia da eta nazioartean ezaguna da konputazio kuantikoaren arloan, qubit erdieroaleentzako irakurketa teknika aurreratuenak frogatu dituztenen artean baitago.

Gonzalez-Zalbak hainbat ikerketa lan argitaratu ditu ikerketa aldizkari onenetan, hala nola 'Nature' eta 'Physical Review' aldizkarietan, eta Ikerbasque Research Professor gisa hasiko da nanoGUNEn bere ikerketa ibilbide oparoari jarraipena emateko.

Ikerketa talde berria nanoGUNEren egoitzako dorre berrian kokatuko da, eta, hala, egoitzak 1.500 metro koadro gehiago izango ditu, zazpi solairutan banatuta, "nanozientzia eta nanoteknologiako zentroak teknologia kuantikoen alde egindako apustuaren erakusgarri".

Quantum Motion enpresak ere ikertzaile berriak jarriko ditu lanean dorre berrian, nanoGUNEko hardware kuantikoaren ikerketa taldearekin batera lan egiteko asmoz. Horrela, nanoGUNEn bertan egungo nahiz etorkizuneko txip kuantikoak disenaitu, garatu eta merkaturatuko dira.