BILBO 7 (EUROPA PRESS)
DA! PRO topaketa azaroaren 26an eta 27an egingo da, bi jardunalditan, eta BBK Fundazioa izango da babesle nagusia. Parte hartu nahi duten sortzaileek asteartetik eman ahalko dute izena, urriaren 8tik, durangokoazoka.eus webgunean, eta programatzaile eta teknikarientzako epea, aldiz, azaroaren 11n hasiko da. Izen-ematea urriaren 18an bukatuko da.
Horrela, bada, DA! PRO topaketa bueltan da, kulturgile eta programatzaileen artean sinergiak sortzeko asmoz. Durangoko Azokaren eragina aprobetxatuta, euskal kultura bultzatzeko beste tresna bat izateko jaio zen DA! PRO, eta aurtengoa seigarren edizioa izango da, Durangoko Azokako iturriek jakinarazi dutenez.
Sortzaileek programatzaileen aurrean aurkeztuko dituzte beren lanak. Bakoitzak tarte bat edukiko du, azalpenak emateko zein proiektuaren lagin bat zuzenean erakusteko. Azaroaren 26an familia ikuskizunak plazaratuko dituzte Durangoko Bizenta Mogel bibliotekan; biharamunean, ostera, musika proposamenen txanda izango da, Plateruena kultur aterpean.
Topaketa antolatu ahal izateko zenbait laguntzaile ere batuko dira egitasmora; lehen jardunaldian Berbaro euskara elkartea eta biblioteka izango dira bidelagun, eta bigarrenean, aldiz, Musika Bulegoa.
Topaketaren bidez, bi asmo hauspotu nahi dituzte antolatzaileek: kulturgileen lana Euskal Herrian zehar hedatzea eta kultur areto eta jaialdien programazioa euskarazko ekitaldiekin elikatzea.
KATALOGOAK
Bestalde, DA! PRO topaketan izena emango duten sortzaileen proposamenak katalogo banatan jasoko dira -musika eta familia ikuskizunak-, eta ondoren teknikarien eta programatzaileen eskura jarriko dira, kontratazioak egiteko erabilgarri izan dezaten.
Durangoko Azokak babesle eta laguntzaileekin batera antolatzen duen topaketa "mamitsua eta aberatsa" izan ohi da. Iazko edizioan, esate baterako, jardunaldi bakoitzean hamabi proposamen aurkeztu zituzten sortzaileek.
Azkenik, musikarien kasuan, hautaketa prozesu zuzen baterako atea ere izango da azaroaren 27ko topaketa, Amorebieta-Etxanoko Udalak DA! PRO ekimeneko partaideen artean aukeratuko baititu MusikaGaz Fest jaialdirako musika taldeak. 2025eko urtarrilaren 25erako iragarrita dago kontzertua, Amorebieta-Etxanon bertan.