DA! PRO topaketa azaroaren 26an eta 27an egingo da Durangon eta sortzaileen izen-ematea zabalik dago

Archivo - DA! PRO topaketak
DURANGOKO AZOKA - Archivo
Publicado: sábado, 12 octubre 2024 10:43

BILBO 12 Oct. (EUROPA PRESS) -

DA! PRO topaketa azaroaren 26an eta 27an egingo da, bi jardunalditan, BBK Fundazioa babesle nagusi dela, eta parte hartu nahi duten sortzaileek eta programatzaile eta teknikariek izena eman dezakete jada durangokoazoka.eus webgunean. Izen-ematea urriaren 18an bukatuko da.

Horrela, bada, DA! PRO topaketa bueltan da, kulturgile eta programatzaileen artean sinergiak sortzeko asmoz. Durangoko Azokaren eragina aprobetxatuta, euskal kultura bultzatzeko beste tresna bat izateko jaio zen DA! PRO, eta aurtengoa seigarren edizioa izango da, Durangoko Azokako iturriek jakinarazi dutenez.

Sortzaileek programatzaileen aurrean aurkeztuko dituzte beren lanak. Bakoitzak tarte bat edukiko du, azalpenak emateko zein proiektuaren lagin bat zuzenean erakusteko. Azaroaren 26an familia ikuskizunak plazaratuko dituzte Durangoko Bizenta Mogel bibliotekan; biharamunean, ostera, musika proposamenen txanda izango da, Plateruena kultur aterpean.

Topaketa antolatu ahal izateko zenbait laguntzaile ere batuko dira egitasmora; lehen jardunaldian Berbaro euskara elkartea eta biblioteka izango dira bidelagun, eta bigarrenean, aldiz, Musika Bulegoa.

Topaketaren bidez, bi asmo hauspotu nahi dituzte antolatzaileek: kulturgileen lana Euskal Herrian zehar hedatzea eta kultur areto eta jaialdien programazioa euskarazko ekitaldiekin elikatzea.

KATALOGOAK

Bestalde, DA! PRO topaketan izena emango duten sortzaileen proposamenak katalogo banatan jasoko dira -musika eta familia ikuskizunak-, eta ondoren teknikarien eta programatzaileen eskura jarriko dira, kontratazioak egiteko erabilgarri izan dezaten.

Durangoko Azokak babesle eta laguntzaileekin batera antolatzen duen topaketa "mamitsua eta aberatsa" izan ohi da. Iazko edizioan, esate baterako, jardunaldi bakoitzean hamabi proposamen aurkeztu zituzten sortzaileek.

Azkenik, musikarien kasuan, hautaketa prozesu zuzen baterako atea ere izango da azaroaren 27ko topaketa, Amorebieta-Etxanoko Udalak DA! PRO ekimeneko partaideen artean aukeratuko baititu MusikaGaz Fest jaialdirako musika taldeak. 2025eko urtarrilaren 25erako iragarrita dago kontzertua, Amorebieta-Etxanon bertan.

Contador

Leer más acerca de: