DONOSTIA, 10 (EUROPA PRESS)
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala jokatuko da larunbatean, abenduaren 14an, Donostia Arenan, eta dena dago prest, zortzi finalistek astearte honetan Illunben bertan egin den aurkezpen ekitaldian egiaztatu ahal izan dutenez.
Izan ere, finalerako lau egun falta direnean, Donostia Arenan izan da zortzikotea, igandeko saioa aurkezten, hau da, Alaia Martin Etxebeste, Andoni Rekondo Izagirre, Ane Labaka Mayoz, Aner Peritz Manterola Euzkitze, Beñat Gaztelumendi Arandia, Eneritz Artetxe Eizagirre, Nerea Elustondo Plazaola eta Oihana Iguaran Barandiaran.
Beraiekin batera izan da Ane Ezenarro Beristain, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako gai jartzaileen ordezkaria eta larunbatean txapelduna iragartzeko arduraduna; Iker Iriarte Iribar ariko da finalean harekin batera gaiak ematen.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa hasi zela lau hilabete beteko dira larunbatean, bere azken saioan, hain zuzen ere. Urte osoko jardunaren ondotik helduko da finala, eta gogotsu agertu dira protagonistak. Guztiek hartu dute hitza, beteranoek zein lehen aldiz finalera heldu direnek, eta ilusioa eta gogoa nabarmendu dituzte.
Finalak beste parte hartzaile batzuk ere izango ditu. Esan bezala, Ane Ezenarro Beristain eta Iker Iriarte Iribar ariko dira finala aurkezten eta gaiak ematen, eta epaitzen, aldiz, Bakarne Urreaga Etxeberria, Eneritz Azkue Basurko, Iñigo Legorburu Arregi, Karlos Ibarguren Olalde, Leire Beloki Lizarralde eta Oihana Aranguren Etxaniz ariko dira. Idazkaria Aratz Irazustabarrena Garmendia izango da.
Aurreko astean iragarri bezala, Arantzazu Loidi Garitano izango da irabazleari txapela janzteko arduraduna. Almen bertso eskolaren izenean, bertako ikasle, bere belaunaldiko lehen emakume bertsolari eta bertsoaren zirrikitu ugaritan ibilitakoa da Loidi. Berarekin batera, irakasle izan zuen Patxi Goikolea Zabala izango da 25 urtez azpiko bertsolari onenari saria emango diona.
SARRERAK
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala 17:00etan hasiko da, Donostia Arenan, eta sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai. Gainera, larunbatean bertan, sarrerarik geratuko balitz, txarteldegia zabalduko da 14:30ean.
Saioa jokatzen ari diren bitartean, haur txokoa egongo da Illunben bertan, hezitzaileek zainduta. Bertso saioak irauten duen artean egongo da gunea zabalik, umeek zein beraiekin datozen helduek egon ahalko dute bertan, eta doakoa izango da.
Aurretik izena ematea gomendatzen da, aurretiaz izena ematen duten haur guztiek izango baitute aukera gunean egoteko. Egunean bertan izenik eman gabe joandakoak kopuru batera arte hartuko dira bakarrik.
Izena emateko formularioa bete behar da: https://www.bertsozale.eus/eu/gipuzkoa/gipuzkoakotxapelketa/... bete. Informazio gehiago nahi izanez gero, 688 72 85 75 telefonora deitu edo gipuzkoakotxapelketa@bertsozale.eus helbide elektronikora idatzi behar da.
Gainera, finalean puntu morea ere egongo da, Illunbeko 5. atean, eta Bertsozale Elkarteko lantalde feministarekin harremanetan jarri nahi izanez gero, lantaldefeminista@bertsozale.eus helbide elektronikora idatz daiteke.
Illunbera heltzeko, garraio publikoak eskaintzen dituen ohiko bideak erabiltzea gomendatu du antolakuntzak. Gainera, zeinbait udal zein bertso eskolek autobusak antolatu dituzte herrietatik finalera joateko. Dena den, autoen aparkalekua ere egongo da.
Ateak 15:30ean zabalduko dira, eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak garaiz joateko gomendioa egin die bertsozaleei, jende asko bilduko delako eta azken orduan trabarik ez egoteko.