DONOSTIA, 20 (EUROPA PRESS)
Dibertsitate funtzionala duten haur eta gazteentzako lagungarria izango den eta haurren ahotsekin ongi dabilen AskHezi euskarazko diktaketa sistema berria garatu du Orai NLP adimen artifizialeko zentroak, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, Seaskako Integrazio Batzordeak eta Nafarroako Sortzen Elkarteak bultzatuta.
Langune Euskal Herriko hizkuntza industrien elkartearen aholkularitzarekin eta 'Euroeskualdeko hiritartasuna' deialdiko eta SPRI Taldeko diru laguntzei esker burutu da ekimena, bere arduradunek ostegun honetan egindako aurkezpenean azaldu dutenez.
Igor Leturia Orai NLP zentroko hizketa teknologien arduradunak adierazi duenez, "sistema hau oso baliagarria izango da desgaitasun motorrak dituzten haur eta gaztetxoen ikasketa prozesuan, euskarazko idazlanak egin ahal izango dituztelako tekleatu beharrik izan gabe, testua hizketa bidez diktatuta".
Dagoeneko erabat garatuta dagoen plataformak euskaraz esandakoa transkribatzen du, eta hizketa bidezko komandoak erabiliz egin daitezke aldaketak edo zuzenketak.
Euskarazko hizketa testu bihurtzeko Orai NLP zentroak orain arte garatutako tresnak haurren ahotsetara egokitzeko eta eredu neuronalak entrenatzeko, Euskal Herri osoko zenbait ikastola eta eskola publikotako 479 ikasleren ahotsak grabatu dira, 70.000 grabaketatik gora eginez.
Proiektuaren sustatzaileak pozik agertu dira lortutako emaitzarekin: "Oso interesgarria eta polita izan da prozesua. Hizkuntza teknologien eta adimen artifizialaren aplikazio oso baliagarria da hau, dibertsitate funtzionala duten haurrei euskaraz ikas dezaten laguntzeko tresna bat sortu baitugu".
Edonola ere, tresna erabiltzaileengana iristeko azken urratsa falta dela iragarri dute: "Plataforma garatuta dago, baina ez da ordenagailuan instalatuta soilik dabilen zerbait. Hizketa teknologietako eta adimen artifizialeko tresna hauek sare neuronaletan oinarritzen dira eta sare neuronal horiek ordenagailu ahaltsuak behar izaten dituzte".
"Plataforma bera hainbat haur edo gaztek erabili behar badute aldi berean, horrek azpiegitura bat eskatzen du, zerbitzariak behar dira horretarako. Eskalagarritasuna da gure erronka handiena orain", azaldu dute.
GURASOEN ESKAERA
Behar bereziak dituzten umeen gurasoek eskatuta jarri zen martxan AskHezi proiektua, eta sustatzaileak itxaropentsu daude tresna berriarekin.
Gabriel Martiarena proiektuaren bultzatzaile izan den gurasoetako batek esan duenez, "ikasketa prozesu bat beharko dute gure seme-alabek tresna nola erabili, komandoak ikasi eta sistema probatzeko. Baina oso aukera ona zabaltzen zaigu euskarazko ikasketa-prozesuan aurrera egiteko".
Era berean, AskHezi proiektuaren sustatzaileek balio handia eman diote proiektua aurrera ateratzeko izan duten lankidetzari: "Euskal Herriko hiru lurralde administratiboetako sare publikoko eta ikastoletako hainbat ikastetxek bultzatuta lankidetzan aritu gara behar berezi bat daukaten haurrek euskaraz ikasteko duten eskubidea bermatzeko lanean".
Orobat, garrantzi handia eman diete euskarazko diktaketa sistema hau garatu ahal izateko jaso diren diru laguntzei: Euroeskualdearen Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa programak bi urtez lagundu du proiektua, eta Eusko Jaurlaritzak ere diruz lagundu du SPRIren Adimen Artifizial Aplikatua deialdiaren bidez.