Donostiako Euskaraldiak hamaikakoa aurkeztu eta ariketan parte hartzera animatu du

Donostiako Euskaraldiak hamaikakoa aurkeztu du
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: viernes, 7 marzo 2025 14:05

DONOSTIA, 7 (EUROPA PRESS)

Donostiako Euskaraldia eta hamaikakoa aurkeztu dira ostiral honetan Tabakaleran hiriko 75 bat eragileren parte hartzearekin, eta hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera sustatzeko maiatzaren 15etik 25era egingo den ariketa sozialaren laugarren edizioan parte hartzera animatu dute antolatzaileek.

Bada, Donostiako Euskaraldiak 11 enbaxadore izango ditu ekimena hauspotu eta herritarren parte hartzea sustatzeko: Sara Zozaia abeslaria, Jose Miguel Ayerza Adegiko zuzendari nagusia, Maialen Barcena AEK euskaltegiko irakaslea, Jon Garaño zinemagilea, Laura Chamorro moda aditu eta aurkezlea, Borja Agote surflari eta youtuberra, Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendaria, Xabier Zabaleta sukaldaria, Josebe Amondarain Ikasbide elkarteko idazkaria, Unai Ribera DJa eta Txurdin Realaren maskota.

Hamaikakoaren kide guztiek denetariko erronkak hartu dituzte Euskaraldirako, hala nola enpresa munduan euskara sustatzea eta prentsaurrekoetan euskara gehiago erabiltzea, Tabakaleraren programazio publikoan euskararen presentzia handitzea, euskara ez galtzea eta gaztetako mailari eustea edota euskara ikasten ari diren ingurukoekin lehen hitza euskaraz egitea. Batzuk ahobizi rola hartuko dute eta beste batzuk belarriprestena.

Era berean, Donostiako sektore eta gizarteko eragileei beren hamaikakoak sortzeko deia egin zaie ekitaldian, "hamaikakoak osatzea euskarazko harremanak eta hizkuntza ohiturak aldatzeko bide eraginkorra izan baitaiteke".

Euskaraldian parte hartu ahal izateko izena ematea ezinbestekoa da, eta epea martxoaren 15ean zabalduko da, https://euskaraldia.eus/ webgunean. Halere, apirilaren erdialdetik aurrera, Bagera euskara elkartean, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuan eta hiriko kultur etxeetan izena emateko eskuorriak eta kutxatxo batzuk jarriko dira izena sarean emateko zailtasunak dituztenentzat.

Izena eman dutenek parte hartzeko txapa jaso ahal izango dute apirilaren erdialdetik aurrera aipatu guneetan. Euskaraldian euskara jakin edo ulertzen duten 16 urtetik gorako herritarrek parte har dezakete.

BAGERA ETA UDALA

Donostiako Udala eta Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea elkarlanean ari dira antolatzen Donostiako Euskaraldia.

Eneko Goia alkateak Euskaraldia aukera gisa ikusten du "hizkuntza ohiturak aldatu eta zenbait inertzia astintzeko", eta gogoratu du erronka handiak daudela aurrera begira.

"Gizartea etengabe aldatzen ari da: migrazioa, euskal hiztunen ezaugarriak eta abar. Beraz, jendea euskalduntzen jarraitu behar dugu eta hizkuntza erabiltzeko guneak bermatu behar ditugu: aisialdian, lan eremuan eta abar", esan du.

Bestalde, Amets Ibero Bagera elkartearen ordezkariak azaldu du gizartea aktibatzea "ezinbestekoa" dela. "Euskararen egoera kezkagarria izanik ere, herritarrak ilusio eta motibaziotik aktibatu behar ditugu berriro. 2018ko Euskaraldian argi ikusi zen berrikuntzak eta ilusioa izan zirela jendearen parte hartzearen giltza eta hori lortu nahi dugu, elkar mugituz egingo dugu", adierazi du.

Bi ordezkariek Tabakaleran bildutako eragileen aurrean nabarmendu dute elkarlana dela gakoa eta Donostiako enpresak, entitateak eta eragileak Euskaraldia sustatzera animatu dituzte.

Contador