Donostiako Portuko Udal Kontseilua eratu da

Donostiako Portuko Udal Kontseilua eratu da
IREKIA
Actualizado: miércoles, 2 abril 2025 14:00

DONOSTIA, 2 (EUROPA PRESS)

Donostiako Portuko Udal Kontseilua eratu da asteazken honetan, Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburua eta Eneko Goia alkatea buru zirela, Jaurlaritzak Gipuzkoako hiriburuko kaian dituen bulegoetan egindako ekitaldian.

Kontseilu hori eratuta, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) kostaldeko herri guztiek dute Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari atxikitako portuen arloko aholkularitza, kontsulta eta eztabaida organoa.

Donostiako Portuko Udal Kontseiluaren lehenengo bileraren eduki nagusia organoaren beraren aurkezpena eta ordezkarien izendapena izan da. Portuko segurtasuna, botiloiak, bainuak eta jauziak ere aztertu dituzte. Ildo horretan, Barredo zein Goia bat etorri dira adieraztean organo berriarekin eta itsasertzeko eskumen berriarekin kaiaren kudeaketa hobetuko dela.

Donostiako portuak bi dartsena ditu, eta aisialdiko 175 ontzi, hiru arrantza ontzi eta Santa Clara uhartera bidaiariak garraitzeko eta Pasaiara txangoak egiteko hainbat ontzi amarratzen dira haietan.

Donostiako Udalak emakidan ditu portuko jabari publikoan uraren eta saneamenduaren sarea, hiri hondakin solidoen edukiontzien arloa, zurezko zorua duen begiratokia metalezko ontziralekuaren ondoan, mareografo bat eta oinezkoen ibilbideen seinaleak eta monumentuen informazio zutoinak. Portuko eremuan daude udalak kudeatutako komun publikoak ere, 'Portaviones' izeneko eraikinean.

Jaurlaritzako Itsasertzaren Garapenaren eta Portuen Zuzendaritzak bi proiektu idazteko lizitazioa egingo du aurten: Donostiako Klub Nautikoaren egoitza dagoen kaia eta metalezko ontziralekua zaharberritzekoa, eta erdiko kaia edo 'Moierdi konpontzeko eta indartzekoa.

Era berean, portuetako dartsenak kudeatzen dituen Euskadiko Kirol Portuak erakunde publikoak ontziei ura eta elektrizitatea hornitzen dizkieten egungo dorreen ordez telekontrolatutako beste batzuk jartzeko lanarekin jarraituko du.

Joan den urritik eratu dira bata bestearen atzetik Hondarribia, Orio, Getaria, Zumaia, Deba, Mutriku, Ondarroa, Lekeitio, Ea, Elantxobe, Mundaka, Bermeo, Armintza eta Plentziako portuetako udal kontseiluak, eta, Donostiakoa eratu ondoren, guztiak jardun betean daude.

Contador