Donostiako Udalak airearen kalitateari buruzko plan bat egingo du emisio gutxiko eremuak sortzeko

Publicado: sábado, 16 enero 2021 10:49

DONOSTIA 16 Ene. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Udalak Airearen Kalitaterako Klima Plana egingo du, Klima 2050 Planean jasotako helburuen barruan. Plan horrek, besteak beste, hiriburuan emisio gutxiko eremuak sortzea aurreikusten du. Donostiako Udaleko Gobernu Batzordeak onartu duen planak 40.000 euroko aurrekontua izango du, eta bederatzi hilabeteko epean ezarriko du zer neurri zehatz hartuko diren eta zein izango diren Donostian sortuko diren emisio txikiko eremu horiek.

Marisol Garmendia Ekologia zinegotziak aste honetan azaldu duenez, "Europar Batasunak, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ezartzen dituzten lege eskakizunen babesean egingo da plan hau. Ibilgailu motordunen zirkulazioa kudeatzeko tresna batez hornitzea ahalbidetuko du, emisio kutsatzaile gutxien dituztenak lehenetsiz eta Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioen araberako airearen kalitateari eutsiz".

Isurketa gutxiko eremu batzuk ezarriko ditu planak udal mugartean, 2023a baino lehen. Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Legeak ezarri du data hori epe gixa, eta oraindik izapidetze parlamentarioaren fasean dago.

"Lege horren arabera, 50.000 biztanletik gorako udalerriek gas kutsagarrien isuriak arintzeko neurriak hartu beharko dituzte, besteak beste, isurketa gutxiko gune horiek sortzea", zehaztu du Garmendiak.

Administrazio publikoek "gutxiago kutsatzen duten eta energia garbiagoak dituzten" ibilgailuen erabilera sustatu behar dutela azpimarratu du Ekologia zinegotziak: "Mugikortasun iraunkorreko politikak indartu behar ditugu, eta hiriko kutsadura neurtzeko sistemak hobetu".

Planak beharrezko koordinazioa ezarriko du Mugikortasun eta Ingurumen sailen artean, emisio gutxiko eremu horiek sortzea ahalbidetuko duen esparru juridikoa eta horiek ezartzeko estrategia eta kronograma zehazteko, eta hiriko etorkizuneko Mugikortasun Iraunkorreko Planerako oinarriak ezartzeko.