'Doraemon: Nobitaren dinosauro berria' filma EAEko sei zinema aretotan estreinatuko da ostiral honetan

'Doraemon: Nobitaren Dinosauro Berria' Filmaren Kartela.
ZINEUSKADI
Publicado: viernes, 10 noviembre 2023 10:05

BILBO, 10 Nov. (EUROPA PRESS) -

'Doraemon: Nobitaren dinosauro berria' izenburuko filma Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) sei zinema aretotan estreinatuko da ostiral honetan, azaroaren 10ean, 'Zinema Euskaraz' programaren eskutik. Publiko orokorrarentzako film japoniarra euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango da.

Zineuskadi elkartetik jakinarazi dutenez, 'Zinema Euskaraz' programaren barruan aurten estreinatuko den bederatzigarren filma da, 'Boo Kwai eta museoaren lapurreta', 'Abentura erraldoia', 'Superheroien familia', 'Yuku eta Himalaiako lorea', 'Momiak', 'Lau ahizpa magikoak', 'Mavka: basoaren zaindaria' eta 'Alan giza antena' lanen ostean.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sustatutako programaren helburua euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzea da, eta haur zein gazteei zuzendutako filmen bikoizketaz arduratzen da, zinemagintzan euskararen hedapena bultzatzeko.

Multicines (Bilbo), Getxo Zinemak (Getxo), Florida Zinemak (Gasteiz), Gorbeia Zinemak (Gasteiz), Niessen (Errenteria) eta SADE Cines Antiguo Berri (Donostia) zinema aretoetan ikusiko da ostiral honetatik 'Doraemon: Nobitaren dinosauro berria' filma.