BILBO, 13 (EUROPA PRESS)
Durangoko Azokak abenduaren 5etik 8ra bitarte egingo den 59. edizioaren abesti zerrenda osatu du, Badok atariarekin elkarlanean, eta horrela, musikazaleek edizio honetako nobedadeak eta proposamenak ezagutu ditzakete jada.
Durangoko Azokako antolatzaileek jakinarazi dutenez, erakusmahaietan eta aurkezpenetan aurtengo uzta musikala eskainiko dute sortzaileek. Musikazaleek euren gogoko taldeen lanak izango dituzte eskura, eta talde berrien proposamenetan arakatzeko tartea ere hartu ahalko dute.
Halere, azoka egunetara heldu aurretik, zaleek eskaintza horren lagin bat ezagutzeko aukera izango dute, Durangoko Azokaren abesti zerrendari esker. Bertan, lan berria dakarten talde eta bakarlarien euskara hutsezko kantu bat egongo da entzungai. Zerrenda asteazken honetan aktibatu da, eta momentuz 25 abestik osatzen dute; azoka hasi bitartean egunero hornitzen joango da.
Durangoko Azokak eta Badok atariak elkarlanean garatu dute ekimena. Durangoko Azokan parte hartuko duten musikarien abestiekin osatuko da zerrenda, eta badok.eus atarian bistaratuko da. Horrez gain, durangokoazoka.eus webgunean ere entzun ahalko da, eta kanta gehienak baita Spotify plataforman ere.
Abesti zerrenda hori Landako Guneko bozgorailuetatik emitituko da azoka egunetan. Beraz, Durangoko Azokaren soinu banda osatuko da aurtengo musika nobedadeekin. Bestalde, Landako Gunean nobedadeen QR panela instalatuko da, sakelako telefonoarekin zuzenean entzun ahal izateko.