EAE 14. postuan dago 2022ko Giza Garapenaren Indizearen herrialdeen munduko sailkapenean

Archivo - Jendea paseatzen
AYUNTAMIENTO DE BILBAO - Archivo
Actualizado: jueves, 10 noviembre 2022 10:28

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) Giza Garapenaren Indizea (GGI) 0,936 da, eta horrela, 2022ko herrialdeen sailkapenaren 14. postuaren mailan dago, Eustat euskal estatistika erakundeak Nazio Batuen Erakundearen (NBE) garapen programaren metodologia aplikatuz landutako datuen arabera.

Irailean argitaratutako txostenak munduko 194 herrialdeko sailkapena ezartzen du, bizi baldintzen arabera ordenatuta. Azterlanak GGI bat esleitzen dio haietako bakoitzari, 0tik 1erako eskalan, jaiotzako bizi itxaropenaren, eskola adineko haurren esperotako eskolatze urteen, 25 urteko edo gehiagoko helduen batez besteko eskolatze urteen eta per capita errenta nazional gordinaren arabera.

NBEren garapen programak 32 urte daramatza Giza Garapenaren Indizea egiten eta oraingoan, lehen aldiz, mundu mailan ongizateak bi urtez jarraian atzera egin duela ikusi da, covid-19aren pandemiak eraginda. Hain zuzen, giza garapenak 2016ko mailetara egin du atzera, eta garapen jasangarrirako helburuak lortzeko aurrerapenetako asko leheneratu egin dira.

Atzerapena unibertsala da, herrialdeen %90ek baino gehiagok 2020an edo 2021ean GGIren mailetan hondatzeak izan baitituzte, eta %40k baino gehiagok bi urteetan; horrek agerian jartzen du krisiak okerrera egiten jarraitzen duela herrialde askotan.

Joera berari jarraikiz, EAEko GGIk atzera egin zuen 2020an: 2019an balioa 0,938 zen, eta 2020an, aldiz, 0,930. Atzerapen horren kausa nagusiak izan ziren bizi itxaropenaren beherakada (83,9 urte 2019an eta 83,1 urte 2020an) eta per capita errenta gordinarena (2019ko 57.438 dolar estatubatuarretatik 2020ko 51.954 dolarrera).

Alderdi positibo gisa nabarmetzen da hezkuntza adierazleetan ez zela atzerapenik egon. 2021ean, berriz, hobera egin zuen, eta balioa 0,936 izan zen, 83,7 urtera arteko bizi itxaropena berreskuratu zelako eta per capita errenta gordinak gora egin zuelako (54.791 dolar), baina ez ziren 2019ko balioetara iritsi, pandemiaren aurreko urteko balioetara.

2021eko datuak kontuan hartuta, GGIk planetako garatuenen artean kokatu du EAEko gizartea, Kanadaren mailan eta Suitza, Norvegia, Islandia, Hong Kong, Australia, Danimarka, Suedia, Irlanda, Alemania, Herbehereak, Finlandia, Singapur, Belgika eta Zeelanda Berriaren atzetik. Espainia 27. postuan dago txostenean, eta GGI 0,905 da. Sailkapena Hego Sudanek ixten du (0,385).

OSAGAIAK HOBERA

2010-2021 aldian, GGIren osagai guztiek egin dute hobera EAEn. Bizi itxaropena 82,4 urtetik 83,7 urtera igaro da, eta zazpigarren postuan dago; Hong Kong da sailkapeneko buru (85,5 urte). Gauza bera gertatzen da esperotako eskolatze urteen adierazlearekin, 18,1 urtetik 18,5 urtera igaro baita eta EAE lehen postuetan kokatzen baitu, 12.ean, hain zuzen; kasu honetan, Australiak du adierazlerik onena (21,1 urte).

Eskolatzearen batez besteko urteei dagokienez, aldi horretan ere gora egin badute ere (10,2 urtetik 11,4 urtera), 48 herrialdek gainditu dute EAE, eta horien buru Alemania da (14,1 urte batez beste).

EAEko per capita errenta nazional gordina 50.877 dolarretik 54.791 dolarretara igo da 2010 eta 2021 artean, erosteko ahalmenaren parekotasunaren arabera neurtuta, Suitzako 66.933 dolarretatik eta Liechtensteinen 146.830 dolarretatik urrun, baina Australia, Suedia, Alemania, Finlandia, Belgika edo Zeelanda Berriaren aurretik, besteak beste; horiek guztiek EAEko GGI baino handiagoa dute.