EAEk eta Kataluniak industria polo direla aldarrikatu eta indarrak batuko dituzte EBren berrindustrializazioan

Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburua eta Albert Dalmau Kataluniako Generalitateko Presidentetzako kontseilaria
JUAN LAZKANO
Actualizado: lunes, 10 marzo 2025 16:40

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) eta Kataluniak industria polo direla aldarrikatu eta Europar Batasunaren berrindustrializazio prozesuan indarrak batzeko konpromisoa azaldu dute.

Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak eta Albert Dalmau Kataluniako Generalitateko Presidentetzako kontseilariak bilera egin dute astelehen honetan Bilbon, bi lurraldeetako egoera ekonomikoa eta industria politika aztertzeko.

Bilerak jarraipena eman dio Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakariak eta Salvador Illa Generalitateko presidenteak urtarrilean egindakoari, eta agerian utzi du "bi gobernuek harremanak estutzen eta indarrak batzen jarraitzeko borondatea" dutela, Jaurlaritzatik adierazi dutenez.

Bileraren amaieran batera egindako agerraldian, bi agintariek nabarmendu dute EAEk eta Kataluniak industria polo gisa duten estatusaren garrantzia, Atlantikoko eta Mediterraneoko eskualdeen buru diren heinean. Bi lurraldeek Espainiako Estatuko industriaren Barne Produktu Gordinaren %25 biltzen dute, eta Europar Batasuneko eskualde industrializatuenen artean daude.

Horrela, Europako Batzordearen 'Clean Industrial Deal' delako plan berriak EAEko eta Kataluniako industria sektoreei eskaintzen dizkien aukerak kontuan izanik, bi gobernuek Europa berrindustrializatzeko prozesuan "funtsezko eragile" direla aldarrikatu dute.

Jauregi eta Dalmau bat etorri dira EAEren eta Kataluniaren lana, industriaahalmena eta zeregina Europar Batasuneko erakundeen aurrean indartzeko premian, europar erakundearen potentzial berritzaile eta ekonomikoaren zati handi bat ordezkatzen baitute.

EUROPAKO BERRINDUSTRIALIZAZIOA

Jauregiren hitzetan, "Euskadi eta Katalunia Europako bi nazio industrial zahar gara. Argi dugu industria zer den guretzat: ongizatea, bizi kalitatea, aurrerabidea eta lanpostuak. Hori dela eta, ziurgabetasuna hazten ari den mundu honetan, Europar Batasunaren berrindustrializazio prozesuaren buru izateko dugun zeregina aldarrikatzen dugu".

"Euskadik eta Kataluniak, industria potentzia izanik, bien arteko lankidetza estutu nahi dugu, eta estutu behar dugu, Europak mundu berri honetan duen posizioa defendatu eta indartze aldera. Europaren birsortze industrialaren protagonista izan gaitezke", azaldu du.

Bi sailburuak bat etorri dira esatean Jaurlaritzarentzat eta Generalitatearentzat garrantzi handia duela loturak indartzeak eta "testuinguru global zalantzagarri eta desafiatzailearen aurrean" indarrak batzeak, eta elkarrekin lan egiten jarraitzeko asmoa azaldu dute, hurrengo topaketa bati begira.

Contador