EAEko 15 urteko eta gehiagoko biztanleen %88,3 konektatu da Internetera azken hiru hiletan, iaz baino %2,0 gehiago

Archivo - Pertsona bat ordenagailuan
IREKIA - Archivo
Actualizado: lunes, 30 octubre 2023 11:18

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) Internet erabiltzen duten 15 urteko eta gehiagoko 1.671.300 pertsona konektatu dira sarera etxean, lantokian, ikastetxean edo beste lekuren batean 2023ko bigarren hiruhilekoan, hau da, adin horretako biztanle guztien %88,3. Iazko aldi berarekin alderatuta, kopuru horrek %2,0 puntuko igoera izan du, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.

Aurreko urteetan bezala, 65 urteko eta gehiagoko biztanleen kasuan igo da gehien Interneten erabiltzaileen kopurua, %5,9 puntuko igoerarekin, eta talde horretako biztanleen erdia baino gehiago da Interneten erabiltzailea (%61,2). Halere, zifra horiek oso urrun daude oraindik gainerako adin taldeetako biztanleen zifretatik, biztanle horien %96 baino gehiago baita Interneten erabiltzaile, eta, 54 urtetik beherako biztanleen kasuan, ia guztiak.

Internet erabiltzen duten gizonak sexu bereko guztien %89,3 dira, eta emakume erabiltzaileak, berriz, emakume guztien %87,3; genero arrakala %2,0 puntukoa da, hau da, 2022koa baino %0,4 puntu txikiagoa. Adinik handieneko pertsonen taldeetan emakumeek gizonen aldean izan duten bilakaera hobearen emaitza da arrakala edo alde horren murrizketa. Horrela, 24.000 emakume internauta berri daude 65 urteko eta gehiagokoen adin tartean.

Lurralde bakoitzari dagokienez, Bizkaiak du erabiltzaileen proportziorik handiena (%88,7); erabiltzaileen ehunekoaren igoerarik handiena, berriz, Gipuzkoak izan du, eta bigarren tokian kokatu da, %88rekin; azkenik, Araba da igoerarik txikiena izan duen lurraldea, eta hirugarren tokian kokatu da, 15 urteko eta gehiagoko biztanleen %87,6k erabili baitu Internet.

Hiriburuen kasuan, Bilbok du Interneten erabiltzaileen ehunekorik handiena, %88,4rekin (%2,2 puntuko igoera); Gasteiz, berriz, ehunekorik handieneko hiriburua izan zen 2022an, baina bigarrena da 2023an, %87,6rekin (%0,8 puntuko igoera); azkenik, Donostia hirugarren tokian kokatu da, %87,4rekin, igoerarik handiena izan badu ere (%2,5 puntuko igoera).

Eskualde mailan, erabiltzaileen ehunekoan agertu diren aldeak %5 puntu ingurukoak izan dira. Baliorik handiena Plentzia-Mungiakoa izan da (%90,8), eta txikiena, berriz, Arabako Mendialdekoa (%86).

Jarduera kontuan hartuta, ia ikasle guztiak (%99,9) eta ia landun guztiak (%99,1) dira Interneten erabiltzaileak. Bestalde, biztanle ez-aktiboen eta langabeen portzentajea (%71,7), iazko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta igoerarik handiena izan badu ere (%4,3 puntu), oso urrun dago gainerako bi taldeen ehunekoetatik, eta aldeak %27 puntutik gorakoak dira.

Interneten nabigatzeko hizkuntza nagusia gaztelania da (%96,9), eta, haren atzetik, euskara eta ingelesa kokatu dira (%20,1 eta %15,3, hurrenez hurren). Internet erabiltzen duten ia biztanle guztiak beren bizilekutik konektatzen dira Internetera (%98,7).

ZERTARAKO

Interneten erabiltzaileek komunikatzeko eta informazioa eskuratzeko zerbitzuak erabiltzen dituzte gehien, eta erabilerarik zabalduena WhatsApp aplikazioarena eta berehalako mezularitzako antzeko beste aplikazio batzuena izan da. Zehazki, Interneten erabiltzaileen %97,3k erabili ditu, eta erabiltzaile gehienek erabiltzen dituzte (%95ek baino gehiagok), ezaugarri demografikoak edozein izanik ere (adina, sexua, jarduera).

Adina kontuan hartuta, aplikazio horiek gutxien erabiltzen dituztenak 65 urte eta gehiagokoak dira (adin horretako Interneten erabiltzaileen %95,3), eta adin horretako biztanle guztien %58,3 dira (iaz baino %6,4 puntu gehiago).

Komunikatzeko eta informazioa eskuratzeko zerbitzu horien artean nabarmentzen dira mezu elektronikoak jasotzea edo bidaltzea (%85,2), albisteak, egunkariak edo gaurkotasun aldizkariak irakurtzea (%75,9), eta ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa bilatzea (%84).

Hain zuzen ere, igoerarik handiena ondasun edo zerbitzuei buruzko informazioa bilatzeko jardueran gertatu da aurten 2022rekin alderatuta (%12,2 puntuko igoera). Beherakadarik handieneko zerbitzua, berriz, ikasteko materiala erabiltzea izan da; zerbitzu hori erabiltzaileen %15,1ek erabili du, eta %6,9 puntuko beherakada
izan da.

Interneten erabiltzaileen %62,3k jo du administrazio elektronikora, eta, administrazioek eskainitako zerbitzuen artean, administrazio izapideak telematikoki egiteko zerbitzua izan da ohikoena (%58,7), 2023an igoerarik txikiena izan duena bada ere (%2,4 puntuko igoera).

Banka elektronikoari dagokionez, 1.191.600 pertsonak erabili dute, hau da, erabiltzaileen %71,3k (2022an %1,1 puntu gehiagok), eta 900.000 pertsonak baino gehiagok erosi dituzte ondasunak eta zerbitzuak Internet bidez azken hiru hiletan, hau da, EAEko biztanleen %48,4 (2022an baino %0,9 puntu gehiago). Zifra hori, nolanahi ere, Interneten erabiltzaileen %54,9 da.

Internet bidez kontsumitzen duten ia pertsona guztiek erosi dute produktu fisikoren bat (%92,9k), hala nola arropa, oinetakoak edo osagarriak (%67,4k) edo etxerako gauzak (%32,4k). Erdiek baino gehiagok zerbitzuren bat erosi dute (%58k), hala nola ostatu zerbitzuak (%36,8k), kultura ekitaldietarako sarrerak (%32,5ek) edo garraio zerbitzuak (%29,6k). Internet bidezko kontsumitzaileen %17,3k liburuak, aldizkariak edo egunkariak erosi ditu, formatu fisikoan edota deskargatuta.

ALDEAK GENEROEN ARTEAN

Internetek eskaintzen dituen zerbitzuen artean, emakumeen %65,4k osasunari lotutako zerbitzuak erabili ditu, hala nola osasun gaiei buruzko informazioa bilatzea (Internet erabiltzen duten gizonak baino %11,3 puntu gehiago dira). Era berean, emakumeen %60,8k sare sozialetan parte hartzen dute (gizonek baino %5,6 puntu gehiagok), eta emakumeen %54,1ek telefonoz deitzen du edo bideodeiak egiten ditu Internet bidez (gizonek baino %3,7 puntu gehiagok).

Gizonen kasuan, %70,1ek partekatzeko bideo edukiak ikusten ditu (emakume erabiltzaileek baino %4,3 puntu gehiagok), %65,9k musika entzuten du (emakumeek baino %5,9 puntu gehiagok), eta %29,2k jokoak erabiltzen edo deskargatzen ditu (emakumeek baino %6,2 puntu gehiagok).

Merkataritza elektronikoan ere aldeak daude generoaren arabera: emakumeen %34,3k zainketa pertsonaleko eta higieneko produktuak erosi ditu (gizonek baino %16,9 puntu gehiagok), %75,6k arropa, oinetakoak eta osagarriak (gizonek baino %16,8 puntu gehiagok), eta %34,8k kultura ekitaldietarako sarrerak (gizonek baino %4,7 puntu gehiagok).

Gizonen kasuan, berriz, %25,6k ekipamendu elektronikoa erosi du (emakumeek baino %12,6 puntu gehiagok), %14k ibilgailuak eta ordezko piezak (emakumeek baino %11 puntu gehiagok) eta %20,2k kirol materiala, arropa eta oinetakoak izan ezik (emakumeek baino %7,8 puntu gehiagok).

Azkenik, azken hiru hiletan ordenagailua erabili duten biztanleak %69 dira. Horri dagokionez, ordenagailua erabiltzen duten gizonak gizon guztien %72 dira, eta emakumeak, berriz, emakume guztien %66,3. Beraz, genero arrakala %5,7 puntukoa da, hau da, 2022an baino %0,4 puntu handiagoa.