BILBO, 14 (EUROPA PRESS)
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 433 antolakundek eta 720 profesionalek hartu dute parte 2024. urtean Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak diseinatutako 'Formakuntza Berrikuntzan' programan. Guztira, 46 ikastaro izan dira, eta erakunde bakoitzak, batez beste, bitan hartu du parte. Enpresen eta antolakundeen gaitasun berritzailea bultzatzea da programaren xedea.
Innobasquek jakinarazi duenez, EAEko hiru lurraldeetan egin dira programa eta ikastaroak, eta aurrez aurreko eskaintza sareko formakuntzarekin osatu da. "Horrek nabarmen erakusten du Innobasqueren konpromisoa Euskadiko enpresa eta antolakunde sarean berrikuntza eta I+G arloa kudeatzeko gaitasuna sendotzeko", adierazi du.
Formakuntza katalogoa gaikako hiru bloke nagusitan egituratu da, profil desberdinen beharrizan zehatzei erantzuteko: ETEak, beren I+G+B arloa nazioartekotzeko interesa duten antolakundeak eta Innobasqueko erakunde bazkideak. Guztira, 21 ikastaro eman dira ETE-ei bideratuta, zazpi Europako laguntzen inguruan eta 18 berariaz bazkideei zuzenduak.
Gaika, besteak beste, digitalizazioa, negozio ereduak, merkatu analisia, 'Horizon Europe' programaren aukerak, eta indar hartzen ari diren joerak jorratu dira formakuntzan, hala nola adimen artifizial sortzailea. Berrikuntzaren ikuspegi praktiko eta erabilgarria eman nahi izan da ikastaroetan, betiere enpresen beharrizanei eta erronkei loturik.
Berrikuntza prozesuei aurre egiteko tresna praktikoak eskaintzeaz gain, Innobasqueren formakuntza eskaintzak "zubi lanak" egiten ditu antolakunde partaideen eta berrikuntzaren euskal ekosistemaren artean, "sinergiak eta lankidetzarako aukerak sustatuz".
PARTE HARTZAILEEN PROFILA
Innobasqueren arabera, parte hartu duten antolakundeen profilak "argi erakusten du euskal enpresa ehunaren aniztasuna eta dinamismoa". Bertaraturako antolakundeen %72 enpresak izan dira, eta horietatik erdia tamaina txikikoak, 11 eta 50 langile artekoak. Enpresa partaideen artean, industria, lotutako zerbitzu, handizkako merkataritza eta ikerketa eta garapenari (I+G) lotutako jardueren sektoreetakoak izan dira gehienak.
Bestalde, bertaratutako profesionalen profilak ere "askotarikoak" izan dira, besteak beste, zuzendaritza nagusiko kideak, antolakundearen barnean eremu operatiboetako arduradunak edo prozesu giltzarrietan dihardutenak. "Horrenbestez, formakuntzak eragin zuzena du erabaki estrategikoak hartzen dituzten profilen prestakuntzan", gaineratu du.
Partaideek ikastaroen oso balorazio ona egin dute ebaluazioetan, 10etik 8,5 puntu emanez, eta batez ere haien izaera praktikoa eta enpresen benetako erronkekin bat etortzea nabarmendu dute.
'FORMAKUNTZA BERRIKUNTZAN'
Innobasqueren 'Formakuntza Berrikuntzan' programa doako prestakuntza ekimen bat da, eta EAEko enpresa eta antolakundeen berrikuntza arloko gaitasunak sendotzea bilatzen du.
Askotariko ikastaroak eskaintzen dira, entzute handiko adituen eskutik eta funtsezkoak diren arloak ardatz harturik, hala nola merkatua, digitalizazioa, pertsonak, negozio ereduak, finantzaketa eta produktua.
Ikastaroak profil desberdinei zuzenduta daude, besteak beste, ETEak, I+G+B arloa nazioartekotzeko interesa duten antolakundeak eta Innobasqueko erakunde bazkideak. EAEn berrikuntzaren eta I+Gren kudeaketa hobetzea da formakuntzaren xedea.
Programa maiztasun jakinez eguneratzen da, enpresetan eta antolakundeetan eragin gehien izan dezaketen formakuntza beharrizanei erantzuteko. Era horretara, ekimenak berrikuntzaren euskal ekosistema sendotzen laguntzen du.
Innobasquek urtarril honetan ezagutaraziko du lehen seihilekorako ikastaroen katalogoa; berrikuntza arloko gai garrantzitsuenak jorratuko dira bertan. Ikastaroen eskaintza eta izena emateko orriak hilaren erdialdera egongo dira eskura Innobasqueren webgunean.