BILBO, 23 (EUROPA PRESS)
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 74.300 langabe eta 991.500 landun daude 2025eko lehen hiruhilekoan, hau da, aurrekoan baino 1.300 eta 5.400 gutxiago, hurrenez hurren. Bada, horrela, EAEko langabezia tasa %7koa da, hots, 2024ko laugarren hiruhilekoan izandakoaren berdina, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.
Era berean, landunen eta langabeen kopuruen bilakaeraren ondorioz, jarduera tasa %56ra iritsi da 2025eko lehen hiruhilekoan, 16 urteko eta gehiagoko biztanleria kontuan hartuta, eta, beraz, aurreko hiruhilekokoa baino hiru hamarren txikiagoa izan da.
Lurralde historikoei dagokienez, eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, Gipuzkoan okupazioak behera egin du eta 2.900 langile gutxiago daude; Araban eta Bizkaian, berriz, 1.900 eta 600 landun gutxiago daude, hurrenez hurren. Hiriburuen kasuan, Donostian 2.000 landun gutxiago daude, eta Gasteizen 1.400 gutxiago; Bilbon, berriz, 1.900 gehiago daude.
Landunen kopuruaren beherakada gizonen zein emakumeen kasuan gertatu da: gizonen kasuan, 3.400 landun gutxiago daude, eta emakumeenean 2.000 gutxiago. Nazionalitatea kontuan hartuta, atzerriko nazionalitatea duten landunak 6.600 gutxiago dira (-%6,5), eta Espainiako nazionalitatea dutenak, aldiz, 1.200 gehiago (+%0,1).
EAEko landunen kopuruak behera egin du 2025eko lehen hiruhilekoan zerbitzuen sektorean, 8.600 gutxiagorekin (-%1,2), eta lehen sektorean, 600 gutxiagorekin (-%5,9); aitzitik, gora egin du eraikuntzan, 1.600 gehiagorekin (+%2,8), eta industrian, 2.300 gehiagorekin (+%1,2).
OKUPAZIOA
Okupazio tasa edo 16-64 urteko landunek adin horietako pertsonen guztizkoan duten ehunekoa portzentajezko sei hamarren jaitsi da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, %70,7ra iritsiz. Tasa hori %73,2koa da gizonen kasuan, eta %68,3koa emakumeenean, eta horrela, aurreko hiruhilekokoa baino portzentajezko zazpi eta hiru hamarren txikiagoa izan da, hurrenez hurren.
16 eta 24 urte arteko gazteen kasuan, okupazio tasa %27,8tik %29,4ra igo da urteko lehen hiruhilekoan, eta, beraz, aurreko hiruhilekokoa baino %1,6 puntu handiagoa izan da.
Nazionalitateari dagokionez, okupazio tasarik handiena Espainiako nazionalitatea duten pertsonena izan da (%73), portzentajezko bi hamarren jaitsita aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Atzerriko nazionalitatea duten pertsonen kasuan, tasa hiru puntu jaitsi da, %55era iritsiz.
Lurralde historikoei begiratuta, okupazio tasarik handiena Gipuzkoakoa izan da (%72,8), baina portzentajezko sei hamarreneko jaitsiera izan du aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Haren atzetik, Arabako tasa %71,1era iritsi da, eta portzentajezko hiru hamarreneko jaitsiera izan du. Bizkaiko okupazio tasak portzentajezko sei hamarreneko jaitsiera izan du, %69,3ra iritsiz.
Soldatapeko langileen kontratazio modalitateari dagokionez, kontratu mugagabeak dituzten pertsonen kopuruak gora egin du aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta 3.000 gehiago dira; aurreko urteko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, berriz, 23.100 pertsona gehiago dira.
Orobat, zenbatetsitakoaren arabera, 2025eko lehen hiruhilekoan 926.200 etxe inguru daude EAEn, eta horietatik herenak ez du pertsona aktiborik, aurreko hiruhilekoan baino 1.100 etxe gutxiagok. Hamar etxetik ia seitan, pertsona aktibo guztiak daude okupatuta (8.400 familia gehiagotan), eta etxeko pertsona aktibo guztiak langabezian dituzten 24.500 etxe daude, hots, aurreko hiruhilekoan baino 2.500 gutxiago.
LANGABEZIA
Bestalde, EAEn 74.300 langabe zenbatetsi dira urteko lehen hiruhilekoan, hau da, enplegua bilatzen ari diren, bilaketa kudeaketa aktiboak egiten dituzten eta lan egiteko prest dauden pertsonak, aurreko hiruhilekoan baino 1.300 gutxiago. Emakume langabeak 36.800 dira, hau da, aurreko hiruhilekoan 3.400 gutxiago, eta gizon langabeak, berriz, 37.600, hots, 2.200 gehiago.
Horrela, langabezia tasa %7koa da EAEn, hots, aurreko hiruhilekoko berdina. Emakumeen langabezia tasak portzentajezko sei hamarreneko jaitsiera izan du eta %7,1era iritsi da, eta gizonena, berriz, %6,8koa izan da, hots, lau hamarren handiagoa. 16-24 urteko gazteen kasuan, langabezia tasa %13koa izan da, hots, aurreko hiruhilekoko berdina.
Nazionalitateari dagokionez, langabeen kopuruak behera egin du Espainiako nazionalitatea duten pertsonen kasuan, eta 5.000 pertsona gutxiago dira (52.600 guztira). Atzerriko nazionalitatea dutenen kasuan, berriz, langabeak 21.700 dira, hau da, 3.700 gehiago.
Lurralde historikoetan, langabeen kopuruak 1.400 pertsonako jaitsiera izan du Araban, eta 9.900 dira orotara; hortaz, langabezia tasak portzentajezko zortzi hamarreneko jaitsiera izan du eta %6,1era iritsi da.
Bizkaian 44.200 langabe daude, eta, beraz, kopuruak bere horretan jarraitu du, baita langabezia-tasak ere (%8). Gipuzkoan, Bizkaian bezala, langabeen kopuruak (20.200) eta langabezia tasak (%5,7) berdin jarraitu dute.
Hiriburuei dagokienez, Gasteizen 800 langabe gutxiago daude, Bilbon 300 gehiago eta Donostian, berriz, 900 gehiago, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta betiere.
Eurostat Europar Batasuneko Estatistika Bulegoaren arabera, 2025eko otsailean urtaroen araberakoa ez den Europar Batasuneko langabezia tasa %5,7koa izan da, eta Espainiakoa, berriz, %10,4koa.
Bestalde, landunen kopuruak %0,9ko igoera izan du 2025eko lehen hiruhilekoan iazko aldi beraren aldean, eta 8.500 pertsona gehiago izan dira. Zehazkiago, zerbitzuen sektorean 4.300 landun gehiago daude, eraikuntzan 4.000 gehiago eta nekazaritzan 1.000 gehiago; industrian, berriz, 600 pertsona gutxiago daude.
Langabeei dagokienez, 10.600 pertsona gutxiago daude langabezia egoeran EAEn 2024ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, eta langabezia tasak portzentajezko bederatzi hamarreneko jaitsiera izan du, %7,9tik %7ra.
GIZARTE SEGURANTZA
Halaber, EAEn 940.700 pertsona daude Gizarte Segurantzara afiliatuta batez beste 2025eko lehen hiruhilekoan, hiruhilekoan lan egindako egun kopuruaren arabera haztatuak.
Horietatik, %97,2 landunak dira (914.600 pertsona), biztanleria jardueraren arabera sailkatzeko inkestak erabiltzen dituen Lanaren Nazioarteko Erakundearen irizpideen arabera, eta horietatik %4,5 ez daude Gizarte Segurantzan afiliatuta (44.300 lagun), funtzionarioen mutualitate publikoetakoak direlako edo beste egoera batzuetan daudelako.
Azkenik, EAEn 90.100 langabe daude Lanbiden erregistratuta 2025eko lehen hiruhilekoan batez beste, eta horietatik %47,9 langabeak dira (43.200 pertsona). Gainera, langabeen %39,2 ez daude langabe gisa erregistratuta Lanbiden (29.100 pertsona), baina enplegu eskatzaileen beste kategoria batzuetan egon daitezke.