EAEko ostalaritzak serie historikoaren emaitzarik onena izan zuen 2023an, %19,2ko hazkundearekin

Archivo - Janaria jantoki batean
EUROPA PRESS - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 19 marzo 2025 11:05

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ostalaritza sektoreak serei historikoaren emaitzarik onena izan zuen 2023. urtean, %19,2ko hazkundearekin, eta 347 milioi eurora iritsiz, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.

Era berean, negozio zifrak ere gora egin zuen (%6,4), bai eta faktore kostuaren araberako balio erantsi gordinak ere, %7,4 igota (1.848 milioi euro). Azken horrek sortutako aberastasuna adierazten du, eta diru laguntzen eta zeharkako zergen doikuntzaren ondoren bitarteko kontsumoak kenduta egiten den ekoizpen gordinaren baliokidea da.

EAEko ostalaritzak 62.190 langile zituen 2023an 13.460 establezimendutan, hau da, aurreko urtean baino %0,3 gutxiago eta %0,3 gehiago, hurrenez hurren. Balio absolutuetan, 216 enplegu gutxiago izan ziren, eta establezimenduak zertxobait hazi ziren, 13.460ra iritsiz (aurreko urtean 13.420).

Soldatapeko langilerik izan gabe autonomoek zuzentzen dituzten establezimenduek ostalaritza sektoreko negozio zifraren %7,7 hartu zuten 2023an, eta horrela, %3 puntu baino zertxobait gehiago murriztu da 2013rekin alderatuta (%11).

Edonola ere, oso aldakorra da barne hartzen dituen azpijardueren arabera. Hala, jabeek soilik lan egiten duten edari establezimenduak EAEko edari establezimenduen %44 ziren 2023an, eta establezimendu guztien %20,2 fakturatu zuten. Halaber, mota horretako establezimenduetan lan egiten zuten pertsona guztien %20 autoenplegatuak ziren.

Jatetxeen eta janari postuen kasuan, hamar establezimendutik bat baino gehixeago langile autonomoek soilik kudeatzen zuten (%13); oro har, establezimendu mota horretako enpleguaren %2,6 ziren, eta sektoreko negozio zifraren %2,5.

Bestalde, ostalaritzaren barruan, janarien eta edarien dibisioa zen nagusi 2023an: establezimenduen %89,1, enpleguaren %88,9 eta fakturazioaren %83,3 hartu zituen 2023an.

Negozio zifra 3.536 milioi eurokoa izan zen, aurreko urtean baino %5,6 handiagoa. Enpleguak, aldiz, %0,9 egin zuen behera, 511 enplegu galduta; guztira, 55.266 pertsona ari ziren lanean dibisio horretan. Establezimenduak ere galdu egin ziren, 20 gutxiago izan baitziren.

Gainera, janarien eta edarien dibisioak ekitaldia emaitza positiboarekin amaitzea lortu zuen: 281 milioi euro, ezagutzen den serie historikoko maximoa, prezio nominaletan hartuta.

JATETXE ETA JANARI POSTUAK

Era berean, 2023a "urte nabarmentzat" har daiteke jatetxeen eta janari postuen azpisektorerako, gehieneko kopuruak ezarri baitzituen establezimendu kopuruan (4.422), enpleguan (27.594), salmentetan (1.986 milioi euro), ekitaldiko emaitzan (120 milioi) eta balio erantsian (836 milioi).

Edari establezimenduen azpisektoreak %3,6 igo zuen fakturazioa aurreko urtearekin alderatuz, nahiz eta landunen kopurua (-%2,5) eta establezimenduena (-%2,2) murriztu.

Bestelako janari zerbitzuen azpisektoreari dagokionez, cateringak, besteak beste, negozio zifra murriztu zuen (-%4,6). Landunen kopuruak ere behera egin zuen (-%11,5), eta establezimenduen kopuruak soilik egin zuen gora (%3,2).

Hotelen eta bestelako ostatuen azpisektoreek osatzen duten ostatu zerbitzuen dibisioak enplegua eta eskaintza indartu zituen, 295 pertsona eta 60 establezimendu gehiagorekin, hurrenez hurren. Horrela, 2023an 6.924 langile (%4,5 gehiago) eta 1.465 establezimendu (%4,3 gehiago) zituen. Negozio zifra 711 milioi eurokoa izan zen, hau da, aurreko ekitaldian baino %10,5 gehiago.

Azkenik, EAEko hiru lurraldeek izan zuten bilakaera positiboa 2023an zifra ekonomikoetan, aurreko urtearen aldean. Gipuzkoako ostalaritzaren negozio zifra %5,7 hazi zen, Arabakoa %6,3 eta Bizkaikoa %6,9.

Establezimendu kopuruak aldaketa gutxiago izan zituen: Bizkaian eta Gipuzkoan %0,8 eta %0,1 hazi zen, hurrenez hurren, eta Araban %1,2 jaitsi da. Enpleguari dagokionez, %0,8 hazi zen Bizkaian, eta %1,3 eta %1,5 jaitsi Araban eta Gipuzkoan, hurrenez hurren.

Contenido patrocinado