EAEko saltoki eta elikadura kate handietako salmentak %1,3 gutxitu dira ekainean

Archivo - Patatak
MERCADONA - Archivo
Actualizado: lunes, 29 julio 2024 12:20

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) merkataritza azalera eta elikadura kate handietako salmentak %1,3 murriztu dira ekainean prezio konstanteetan, aurreko urteko hil beraren aldean, eta maiatzarekin alderatuta, berriz, salmentak ez dira aldatu, Eustat euskal estatistika erakundearen arabera.

Elikagaien sektorean, salmentak % 0,7 handitu dira hil artean prezio konstanteetan maiatzaren aldean, eta gainerako produktuen sektorean, aldiz, %1,4 gutxitu dira. Urte artean, prezio konstanteetako salmentak %0,3 murriztu dira elikaduraren sektorean eta %3,2 gainerako produktuenean.

Lurraldeka, saltoki eta elikadura kate handietako salmentek behera egin dute urte arteko prezio konstanteetan hiruretan: %0,6 Bizkaian, %1,3 Gipuzkoan eta %3,8 Araban. Maiatzaren aldean, berriz, salmentak %0,8 gehitu dira Bizkaian, eta %1,2 eta %0,8 jaitsi Araban eta Gipuzkoan, hurrenez hurren.

Bestalde, EAEko merkataritza azalera eta elikadura kate handietako langile okupatuak %1,7 gehitu dira joan den urteko ekainarekin alderatuta, eta hil arteko datuei dagokienez, indizea %1,3 igo da.

Azkenik, 2024ko lehenengo sei hilabeteetako metatuak %0,2ko jaitsiera izan du salmentetan, eta jaitsiera hori Araban (-%0,1) eta Bizkaian (-%0,7) ere eman da, Gipuzkoan %0,5 egin baitute gora. Elikaduran salmenten metatuak %0,3ko igoera izan du, eta gainerako produktuetan %1,3ko aldakuntza metatu negatiboa izan da.