BILBO 20 Abr. (EUROPA PRESS) -
Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, astelehenean, apirilaren 21ean, egoera antzekoa izango da, baina euri gutxiago egingo du. Hodeitza nahiko ugaria eta trinkoa izango da, bereziki Kantauri isurialdean.
Goizean tantaren bat egin dezake, baina leku gehienetan ateri eutsiko dio; arratsaldean, aldiz, hodei trinkoagoak garatuko dira eta zaparradak botako ditu han-hemenka eta noizbehinka, batez ere mendi inguruetan.
Goizean hego-mendebaldeko haize ahula ibiliko da eta arratsaldean ipar-mendebaldera egingo du, tarte biziekin. Tenperatura maximoak gradu pare bat igoko dira. Hiriburuetan, Baionan 9 gradu espero dira gutxienez eta 17 gehienez, Bilbon 10 gutxienez eta 17 gehienez, Donostian 9 gutxienez eta 17 gehienez, Gasteizen 5 gutxienez eta 13 gehienez eta Iruñean 5 gutxienez eta 15 gehienez.
Itsasbazterrean mendebal-osagaiko haizea ibiliko da 3-4ko indarrarekin, goizaldean hego-mendebaldekoa nagusituko da eta eguerditik aurrera ipar-mendebaldekoa, 3koarekin; itsaso kizkurra edo itsaskirria eragingo du.
Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 1,5 metroko olatuak altxatuko ditu, eta gero pixkanaka txikitu eta metro bateko ingurukoak izango dira. Itsasgorak 00:09an eta 11:32an izango dira, eta itsasbehereak 05:04an eta 17:36an. Uraren tenperatura 14 gradukoa da eta ikuspena lau eta hamar kilometro artekoa izango da.