BILBO 26 Dic. (EUROPA PRESS) -
Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, ostiralean, abenduaren 27an, eguraldiak berdintsu jarraituko du baina giroa argiagoa izango da. Kostaldean behe-hodei gutxiago izango ditugu ostegun honetan baino eta giro eguzkitsua Kantauri isurialde osoan nagusituko da. Kostaldeko tenperatura maximoak apur bat igo daitezke.
Mediterraneo isurialdean, aldiz, lainoa eta behe-hodeiak agertuko dira berriro; leku batzuetan iraunkorrak izan daitezke beste behin, eta bertan ildo beretik jarraituko du tenperaturak.
Hego-haizea ibiliko da, apur bat biziago, eta arratsaldean kostaldean eki/ipar-ekialdekoa. Hiriburuetan, Baionan 6 gradu espero dira gutxienez eta 14 gehienez, Bilbon 8 gutxienez eta 16 gehienez, Donostian 8 gutxienez eta 15 gehienez, Gasteizen 4 gutxienez eta 12 gehienez eta Iruñean 5 gutxienez eta 10 gehienez.
Itsasoan norabide aldakorreko haizea ibiliko da, 2-3ko indarrarekin, hego-osagaia nagusituz, eta itsaso kizkurra eragingo du. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 1-1,5 metro arteko olatuak altxatuko ditu. Itsasgorak 01:57an eta 14:17an izango dira, eta itsasbehereak 08:01ean eta 20:24an. Uraren tenperatura 13 gradukoa da eta ikuspena hamar kilometrotik gorakoa izango da.