Eguraldia.- Ezegonkortasunak jarraituko du larunbatean

Archivo - Hodeiak ugarituz joango dira
EUROPA PRESS - Archivo
Publicado: viernes, 20 septiembre 2024 17:11

BILBO, 20 Sep. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, larunbatean, irailaren 21ean, ezegonkortasunak jarraipena izango du. Era horretan, berriz ere tarteka zaparradak edota ekaitzak izan daitezke. Goizean eta arratsaldeko lehen orduetan, oro har, giro nahikoa lasaia eta iparraldean batez ere eguzkitsua izango dugu. Arratsalde erdialdetik aurrera, ordea, giroak nahastera egin eta zaparrada trumoitsuak egingo ditu nonahi, tarteka mardulak izan daitezkeelarik.

Hego-ekialdeko haizea ibiliko da, Ebro ibarrean zakarrago, eta kostaldean haizeak mendebaldera egingo du egunaren bigarren partean. Tenperaturak antzera jarraituko du. Hiriburuetan, Baionan 17 gradu espero dira gutxienez eta 25 gehienez, Bilbon 18 gutxienez eta 26 gehienez, Donostian 17 gutxienez eta 26 gehienez, Gasteizen 13 gutxienez eta 23 gehienez eta Iruñean 16 gutxienez eta 21 gehienez.

Itsasoan hego-osagaiko haizea ibiliko da 3ko indarrarekin, eta arratsaldean mendebal-osagaira aldatuz joango da; itsaso kizkurra eragingo du, eta arratsaldean itsaskirria. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak metro erditik beherako olatxuak altxatuko ditu. Trumoi ekaitzak izan daitezke. Itsasgorak 07:26an eta 19:49an izango dira, eta itsasbehereak 01:13an eta 13:32an. Uraren tenperatura 20 gradukoa da eta ikuspena lau eta hamar kilometro artekoa izango da.

Contador

Leer más acerca de: