Eguraldia.- Haizea oso zakar, euri ugari eta tenperatura behera ostiralean

Archivo - Euria
EUROPA PRESS - Archivo
Publicado: jueves, 19 octubre 2023 17:13

BILBO 19 Oct. (EUROPA PRESS) -

Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, ostiralean, urriaren 20an, haizea oso zakar ibiliko da, euri ugari egingo du eta tenperatura nabarmen jaitsiko da. Egunaren lehen partean haizeak mendebal/hego-mendebaldetik joko du zakar, baina eguerdi partean mendebal/ipar-mendebaldera egingo du eta are gehiago indartuko da, bolada oso gogorrekin, bereziki kostaldetik gertu.

Norabide aldaketa horren ondorioz, hodeiak ugarituko dira eta zaparrada ugari eta tarteka mardulak iritsiko zaizkigu, batez ere itsasertzetik gertu eta ekialdean. Tenperatura maximoak 15-18 graduren bueltan ibiliko dira. Gauean haizeak berriro ere hego-mendebaldera egingo du, baina indarra galduko du, eta tenperatura minimoak egunaren amaieran neurtuko dira.

Hiriburuetan, Baionan 14 gradu espero dira gutxienez eta 19 gehienez, Bilbon 14 gutxienez eta 19 gehienez, Donostian 13 gutxienez eta 19 gehienez, Gasteizen 9 gutxienez eta 16 gehienez eta Iruñean 10 gutxienez eta 16 gehienez.

Itsasoan, egunaren lehen zatian hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, goizaldean 5-6ko indarrarekin eta goizean 7kora indartuz; egunaren bigarren partean mendebal-osagaikoa ibiliko da da 7koarekin eta 8ko tarteekin; azken orduetan 6kora ahulduko da, eta orduan mendebal/hego-mendebaldekoa nagusituko da. Itsaskirria edo itsaskia izango da, eta arratsaldean itsaso oso zakarra, itsaso handiko guneekin.

Mendebal/ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 1-1,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu hasieran, eta goizean zehar igotzen joango da, egunaren bigarren zatian 3-4 metrotik gorakoak altxatu arte. Itsasgorak 08:32an eta 21:01ean izango dira, eta itsasbehereak 02:20an eta 14:50ean. Uraren tenperatura 19 gradukoa da eta ikuspena lau eta hamar kilometro artekoa izango da.