Ehigek kanpaina hasi du eskola jantokien kontrola eta jarraipena egiteko

Archivo - Eskola jantoki bat
A. Pérez Meca - Europa Press - Archivo
Actualizado: viernes, 10 noviembre 2023 12:26

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

Ehige Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederakundeak kanpaina bat jarri du martxan, ikastetxe publikoetako jantokien kontrola eta jarraipena egiteko asmoz, "enpresen aldaketek kexa eta kezka ugari sortu baitituzte familien artean zerbitzuaren kalitateagatik".

Konfederakundetik gogorarazi dute ikasturte hasieran jarri direla indarrean ikastetxe publikoetako jantokien kontratu berriak. Salatu dutenez, enpresek bete beharreko baldintzak "alde bakarretik" landu ditu Hezkuntza Sailak, "familien parte hartzerik gabe, alderdi interesatua izateaz gain, zerbitzuaren zati handienaren kostua finantzatzen dugunak izan arren (batez beste, %60)".

Horrela, enpresen aldaketek familien artean "kexa eta kezka ugari" sortu dituztela jakinarazi dute, "zerbitzuaren kalitateagatik". Hori dela eta, adierazi duetnez, egoera salatzeaz gain, "lanean hasi gara, ikastetxeekin batera, enpresa esleipendunek bete behar dituzten baldintzen jarraipen eta kontrol mekanismoak abian jarriz, bete daitezen eta Hezkuntza Sailari zerbitzu horrek behar dituen aldaketak eta hobekuntzak exijitzeko".

Zehazki, Ehigek bi jarduera jarri ditu martxan: alde batetik, epe laburrera, ikastetxeetako gorabeherak jasoko ditu hilabetez, eta, bestetik, epe luzera, pleguak betetzen direla kontrolatzeko lantalde bat sortu du.

Euskal Eskola Publikoaren kalitatea hobetzeko hezkuntza komunitatearen parte hartzea sustatzeko helburu estrategikoaren barruan dago kanpaina. Era berean, eskola elikadura osasungarriagoa, justuagoa eta iraunkorragoa lortzea da beste helburu bat.