BILBO, 26 (EUROPA PRESS)
EHU Euskal Herriko Unibertsitatea ate irekien jardunaldiak antolatuko ditu hiru campusetako 20 fakultate eta eskolatan martxoaren 14tik 22ra bitartean. EHUri atxikitako Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuan eta Gasteizko Erizaintzako Unibertsitate Eskolan ere egingo dira jardunaldiak.
Asier Blas EHUko Ikasleen eta Partaidetzarako Errektoreordeak adierazi duenez, "EHUazoken ostean datoz ate irekiak. Etorkizuneko ikasleei beharrezko laguntza eta orientazioa eskaintzea lehentasuna da unibertsitatearentzat eta bidelagun izan nahi dugu prozesu osoan zehar. Hitzordu hauen bitartez, interesatzen zaizkien graduak ezagutzeko ateak zabalduko dizkiegu ikasleei".
2025-2026 ikasturtean EHUn ikasketak hasi nahi dituzten ikasleei zuzenduta daude ate irekien jardunaldiak. Ikasleek izena eman duten EHUko eskola edo fakultatea bisitatu ahal izango dute, batzuetan laguntzaile batekin batera, eta, horrela, instalazioak eta baliabideak ezagutu.
Era berean, beren intereseko gradu ikasketen berri izango dute xehetasunez, eta, horrela, unibertsitate ikasketei buruzko erabakia hartzeko behar duten orientazio guztia lortu ahal izango dute.
Izen-ematea, banakakoa eta nahitaezkoa, martxoaren 3tik 9ra izango da, eta plazen kontsulta denbora errealean egin daiteke (esteka martxoaren 3an aktibatuko da). Laguntzaileek bakarrik eman dezakete izena beraiei zuzendutako jardunaldietan, baldin eta hala adierazita badago.