EHUk Koldo Mitxelena omenduko du aste honetan Bilbon eta Gasteizen

Koldo MItxelena
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: martes, 1 diciembre 2015 10:33

BILBO, 1 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Koldo Mitxelenaren bizitza eta lana gogoraraziko ditu aste honetan, bere jaiotzaren 100. urteurrenenean. Omenezko jardunaldiak Bilboko Bizkaia aretoan hasiko dira, asteazkenean, abenduaren 2an, "Koldo Mitxelenari, esker onaren agiri" ekitaldi instituzionalarekin.

   Omenaldiak Gasteizen jarraituko du, ostegunean eta ostiralean, abenduaren 3an eta 4an, Koldo Mitxelena Euskal Filologiako eta Hizkuntzalaritza Indoeuroparreko irakasle izan zen Letren Fakultatean, "Euskalaritza Mitxelenak zabalduriko bideetatik" jardunaldi akademikoekin, landu zituen alorretan eginiko ekarpena gogoratzeko eta egungo egoera eta erronkak aztertzeko.

   Asteazkeneko ekitaldi instituzionala Bizkaia aretoko Mitxelena auditoriumean izango da, 18:30ean, eta, besteak beste, Pello Salaburu EHUko Euskara Institutuko zuzendaria eta errektore ohiak, Carmen Codoñer Salamancako Unibertsitateko ohorezko katedradun emerituak, Pedro Miguel Etxenike DIPCko presidenteak, Antton Valverde musikariak eta Amilotx dantza taldeak, Goio Monreal EHUko errektore ohiak, Ibon Sarasola EHUko katedradunak eta Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak parte hartuko dute.

   Osteguneko eta ostiraleko jardunaldiak Letren Fakultateko Gradu Aretoan egingo dira, Gasteizen, eta, besteak beste,   Iñaki Bazán Letren Fakultateko dekanoak, Lourdes Oñederra Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko zuzendariak, Iván Igartua Ikasketa Klasikoko irakasle eta idazleak, Gidor Bilbao Euskara eta Eleaniztasuneko errektoreorde ohiak, Blanca Urgell Euskal Filologian doktoreak, Iñaki Camino Euskal Filologian doktore eta euskaltzain urgazleak, Miren Azkarate Euskal Filologian katedradun eta euskaltzain osoak eta Jon Zarate Euskararen Alorreko errektoreordeak parte hartuko dute.

WEBGUNEA

   EHUk hizkuntzalariari egingo dion omenaldian, asteazkenean bertan webgune berri bat zabalduko da: www.ehu.eus/koldomitxelena. Gune horrek hiru zerbitzu nagusi eskainiko ditu. Alde batetik, Koldo Mitxelenaren bizitza eta lanari buruzko informazioa eskaintzen duten Interneteko esteken bilduma antolatua izango du.

   Beste alde batetik, Koldo Mitxelenaren "Obras completas" lanaren 15 liburukien aurkibideak jasoko ditu, eta, azkenik, bere lan horietako guztietako testuetan bilaketak (izenen arabera, kontzeptuen arabera, hitzen arabera eta testu librearen arabera) erraztuko dituen baliabidea eskainiko du.

   Halaber, Koldo Mitxelenaren jaiotzaren lehen mendeurrena dela eta, EHUk bere lan guztiak biltzen dituzten 15 liburukiak 100 euroren truke erosteko aukera aparta eskainiko du 50. Durangoko Azokako standean. Eskaintza hau jadanik Argitalpen Zerbitzuaren webgunean dago.

   "Obras Completas" lanaren argitalpena, Joseba Lakarra eta Iñigo Ruiz de Arzalluz irakasleen ardurapean egin zen. Bilduma horrek 15 liburuki eta 7.000 orrialdetik gora ditu eta Mitxelenaren lana jasotzen du jatorrizko hizkuntzetan: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta alemanez. Egileak bizi zenean argitaratutako artikulu eta liburu guztiak dira.