EHUko doktoregai batek Facebook beketako bat lortu du, adimen artifizialari buruzko lan bategatik

EHUko doktoregai batek Facebook beketako bat lortu du
EHU
Actualizado: lunes, 25 febrero 2019 12:40

BILBO, 25(EUROPA PRESS)

Mikel Artetxe Ingeniaritza Informatikoko gradudunak Facebook-ek doktorego tesia egiteko ematen dituen beketako bat jaso du. Artetxe Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) egiten ari da doktoregoa, Informatika Fakultateko IXA ikerketa taldearen baitan, Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua Masterra amaitu eta Facebook-ek Parisen duen Adimen Artifiziala Ikerketa sailean zenbait hileko egonaldia egin ondoren.

EHUk jakinarazi duenez, doktorego tesia egiteko 21 beka eman ditu Facebook-ek aurten, munduko txoko guztietatik jaso dituen 900 eskarien artean. Facebook bekak bi urteko iraupena du eta 37.000 dolar estatubatuar ematen ditu urtean, gehi biltzarretara bertaratzea xede duen laguntza osagarri bat ere.

"Facebook beka orain arte egindako lana aitortzera dator eta babes garrantzitsua da nire ikerketa ibilbidean aurrera egiten jarraitzeko. Pertsonalki oso pozik nago, baina ez dut gure kolektiboak orokorrean pairatzen duen prekarizazioaren ikuspegia galdu nahi. Baldintza duinetan ikertzen jarraitzea ahalbidetuko didan erakundea atzerriko multinazional bat izateak berak hausnartzera bultzatu beharko gintuzke", azaldu du Artetxek.

Bere lanak Hizkuntza Naturalaren Prozesamendua eta Ikaskuntza Automatikoa aztertzea du xede, adimen artifizial bezala ezaguna, alegia. Zehazki, ikaskuntza eleaniztunerako gainbegiratzerik gabeko eta gainbegiratze urriko teknikak landu ditu. Esaterako, bere lanari esker, adimen artifizial batek hizkuntza batetik beste batera itzultzen ikasi du, lehen aldiz, gizakiaren inolako esku hartzerik gabe, bi hizkuntza ezberdineko testu erabat independentetan oinarrituta soilik.