EHUko ikerketa batek dio gazte gehienek erabili dutela noizbait aurrez aurreko edo sareko indarkeria bikotekideekin

Archivo - Bikote gazte bat
Lorena Sopêna - Europa Press - Archivo

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

Joana Jauregizar Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Psikologia doktore eta PSIDES ikerketa taldeko zuzendariak gidatutako ikerketa batek bikotekide gazteen artean gertatzen den aurrez aurreko zein sareko indarkeriak aztertu eta alderatu ditu, eta, antzekoak izan arren, ezaugarri desberdinak dituztela ondorioztatu du. Dena dela, bi kasuetan, 17-24 urte bitarteko bikoteetan indarkeriaren prebalentzia "altua" dela ikusi da, ikerketan parte hartu duten gehienek aitortu baitute inoiz erasotzaile edo biktima izan direla.

EHUko iturriek jakinarazi dutenez, PSIDES ikerketa taldeak sarean gauzatzen den bikote gazteen arteko indarkeria ikertzen dihardu. Berria den fenomenoa hobeto ezagutzea du helburu, ondoren prebentziorako estrategia egokiak diseinatu ahal izateko.

Testuinguru horretan, EHUko 17 eta 24 urte bitarteko 341 ikasleren jokabidea aztertu berri dute, eta aurrez aurre eta birtualki eragiten den biolentziari buruz galdetu diete. Indarkeria mota bakoitza zenbat eta nola gauzatzen den aztertu dute, ondoren alderatzeko asmoz.

Jauregizarrek azaldu duenez, ikerketa taldean zuten hipotesia bete da: "Gure susmoa zen sareetan eragiten den biolentziak ez dituela patroi berdin-berdinak jarraitzen eta, ikerketaren arabera, zuzen genbiltzan. Topatu ditugun kopuruak, jokabide motak, erasotzaile eta biktimen profil psikologikoak desberdinak dira".

Alde batetik, bikotekideen arteko indarkeria zenbatekoa den neurtu dute. Aurrez aurreko harremanetan, gazteen %80,4k aitortu du bikotekidearen kontrako jokabide biolentoak eduki dituela; sare sozialetako hartu-emanetan, ordea, %55 izan da erasotzaile.

Biktima izan ote diren galdetuta, %73,3k erantzun du aurrez aurre baietz, eta %51,6k sarean. Jaureguizarrek dio datuak "ikaragarriak" direla: "Bikote gazteetan dagoen indarkeriaren prebalentzia altuagoa da offline, baina, hala ere, bi kasuetan emaitzak izugarriak dira. Kontuan hartu behar da, gainera, halako galdetegietan normalean jendeak ez duela egia osoa esaten eta, beraz, litekeena da benetako datuak altuagoak izatea eta, hortaz, egoera are kezkagarriagoa".

Beste alde batetik, bikotekideen kontra erabilitako indarkeria mota aztertu du PSIDES taldeak, eta ondorioztatu du sareetan eta haietatik kanpo ez direla jokabide berdinak izaten. Aurrez aurreko harremanetan ahozko erasoak eta emozionalak nagusitzen dira (irainak, umiliazioak, jeloskor jartzeko moduak; sarean, berriz, kontrola da gailentzen den indarkeria jokabidea (bikotekideari geolokalizazioa eskatzea lagunekin dagoenean, mugikorrera bidalitako mezuak irakurri arren erantzuten ez duelako azalpenak eskatzea).

"Kasu honetan kezkatzeko modukoa dena da gazte askok ez dutela uste kontrola biolentzia denik. Zalantzan jartzen dute eta ez dira ohartzen eraso mota horietatik ekintza bortitzagoetara pasatzeko arrisku erreala dagoela", azaldu du Jauregizarrek.

Horri lotuta, EHUko ikertzaileak azpimarratu du indarkeria fisikoaren erabilera hain ohikoa ez bada ere, portzentajea esanguratsua dela, ikerketan parte hartu duten gazteen %11k aitortu baitu inoiz erabili duela.

PROFILAK

Azkenik, PSIDES taldeak bikote gazteetan biolentzia erabili eta sufritzen dutenek online eta aurrez aurre ezaugarri berdinak ote dituzten ikertu du, profil psikologikoetan aldea topatuz, batik bat biktimen roletan.

Horrela, aurrez aurreko indarkeria jasan dutenen kasuan, autoestimu baxua ezaugarri esanguratsua dela ikusi da; indarkeria birtuala pairatu dutenengan, berriz, ez da hain nabarmena. Ikerketaren egileen ustez, horren atzean dagoen arrazoietako bat izan daiteke biolentzia presentziala gogorragoa izaten dela.

Aldiz, erregulazio emozionalari begiratuz gero, sareko indarkeriaren biktimek zailtasun handiagoak erakutsi dituzte. "Offline biolentzia jasan dutenek baino gaitasun gutxiago daukate egoera emozional negatiboak eteteko eta positiboak luzatzeko. Zergatik izan daiteke hori? Agian, sareko biolentzia edozein unetan eta tokitan gertatzen delako; ondorioz, zailagoa da gelditzea, eta, beraz, etengabea da emozioak erregulatzeko gaitasun falta", azaldu du Jauregizarrek.