BILBO, 13 (EUROPA PRESS)
EHU Euskal Herriko Unibertsitateko IBeA ikerketa taldeak kutsatzaile kimiko toxikoak hauteman ditu Irati basoko liken eta goroldioetan, eta ondorioztatu du batzuk inguruko hiriguneetatik iritsi direla, beste batzuk gaur egun nekazaritzan egiten diren errekuntzetatik sortu direla, eta, azkenik, duela zenbait urte debekatu ziren pestizidek eta isolatzaile elektriko batzuek debekatu aurretik eragindako kutsadurari dagozkiola.
"Konposatu organiko iraunkorren kontzentrazio adierazgarriak neurtu ditugu Irati basoko liken eta goroldio espezie banatan, baina ez dira antzeko beste toki batzuetan neurtutako kontzentrazioak baino altuagoak", zehaztu du Alberto de Diego EHUko IBeA ikerketa taldeko ikertzaileak.
IBeA taldeko kideek CNRS eta Nafarroako Unibertsitateko kideekin batera egindako ikerketan, Iratiko liken espezie bat (Parmelia sulcata) eta goroldio espezie bat (Hypnum cupressiforme) erabili dituzte atmosferako kutsadura organikoa determinatzeko zentinela edo biomonitore gisa.
Konposatu organiko iraunkorrak toxikoak dira, eta ikerketan hiru motakoak aztertu dituzte: hidrokarburo polizikliko aromatikoak, bereziki errekuntza prozesuetan sortzen diren azpiproduktuak; poliklorobifeniloak, isolamendu elektrikoetan erabiltzen zirenak eta egun debekatuta daude; pestizida organokloratuak, nekazaritzan erabili ohi zirenak eta egun debekatuta daudenak.
Ainara Gredilla IBeAko ikertzaileak adierazi duenez, "konposatu organiko horiek atmosferan zehar oso urrunera iristen dira haizearekin, eta ingurumenean metatzen dira: izaki bizidunek barneratu eta metatu egiten dituzte".
"Altitude altuetan dauden guneak oso sentikorrak dira kutsatzaile organiko iraunkorrekiko, eta jakin nahi izan dugu zenbateraino metatu diren Iratiko liken eta goroldioetan. Izan ere, Irati basoa ingurune garbitzat hartzen da, turismoaz gainera abeltzaintza eta nekazaritza jasangarria beste giza jarduerarik ez baitago han", azaldu du.
Irati basoa Europan hobekien kontserbatutako pagadi eta izeidi babestu zabalenetako bat da, mendebaldeko Pirinioetan kokatua.
URRUNERA HELTZEKO GAITASUNA
Ikertzaileek nabarmendu dute halako ikerketek balio dutela "batez ere baieztatzeko kutsatzaile hauek gaitasun handia dutela sortu diren lekutik oso leku urrunetara heltzeko eta Irati bezalako leku berez garbietan metatzeko".
"Beraz, nahiz eta kontzentrazioak oso altuak ez izan, oso toxikotasun altua dutenez, zaindu beharreko gauza bat da etorkizunean arazorik ez izateko", adierazi dute.
Orobat, beharrezkotzat jo dute ikertzen jarraitzea "urtaroen edota urteen araberako aldaketak aztertzeko, eta hemen azaldu diren joerak berresteko".