BILBO, 9 (EUROPA PRESS)
Eneko Agirre Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Informatika Fakultateko irakasle, HiTZ ikerketa zentroko zuzendari eta Ixa ikerketa taldeko kideak urtero ematen diren Google Faculty Research Awards ikerketa arloko sarietako bat jaso du. Sariak 70.000 dolar ditu eta 'Conversational Question Answering agents that learn after deployment' izeneko proiektua finantzatuko dute, erabiltzaileekin elkarreragiten duten bitartean ikasteko gai izango diren elkarrizketa sistemak garatzeko.
Aitor Soroa eta Gorka Azkune irakasleen, Arantxa Otegi ikertzailearen, Jon Ander Campos doktoretza ikaslearen, Aitor Agirre masterreko ikaslearen eta Eduardo Vallejo graduko ikaslearen laguntza izan du Agirrek bere azterketan, EHUk jakinarazi duenez.
Google erakundeak 11 sari eman ditu lengoaiaren prozesamenduaren arloan. Guztira, 50 herrialdetako 330 unibertsitatek bidalitako 150 proposamen saritu ditu (Inteligentzia Artifizialaren arloko 18 arlotako 917 hautagai). Soilik %25 AEBetatik kanpoko unibertsitateetakoak izan dira, eta hizkuntza naturalaren prozesamenduaren kasuan sari bakarra dago Europan. Eneko Agirre saria hirutan lortu duen ikertzaile bakanetakoa da.
EHUtik azaldu dutenez, gaur egun Interneten dagoen informaziora Google edo Bing moduko bilatzaileen bidez sartzen da, eta bilatzen diren dokumentu garrantzitsuak itzultzen dituzte. Hori aldatzen ari da, ahotsa ulertzen duten laguntzaile birtualen garapenari esker -Siri, Alexa edo Google Assistant, besteak beste -. Laguntzaile horiek azkar ari dira jendarteratzen, dela mugikorren bidez, dela Amazon Echo edo Google Home bezalako bozgorailu adimendunen bidez, eta makinekin komunikatzeko dagoen modua aldatzen ari dira.
Horrela, gaur egun, elkarrizketa bidez erabil daitezkeen gero eta aplikazio gehiago baina mugatuak daude, neurri batean, makinek ez dutelako hizkuntzaren konplexutasuna ulertzen eta hizkuntzaren anbiguotasunean erraz galtzen direlako. Sistema horiek laborategian entrenatzen dira, eta haien kalitatea nahikoa denean erabiltzaileekin martxan jartzen dira.
Adimen artifizialeko tekniken bidez, Agirre irakaslearen proiektuaren helburua da elkarrizketa sistemek erabiltzaileengandik ikasi ahal izatea, martxan daudenean. Horrela, errendimendua hobetu egingo da erabilerarekin, laborategian soilik entrenatu diren sistemak gaindituz. Erronka da detektatzea erabiltzaile bat noiz dagoen pozik sistemaren erantzunekin eta noiz ez, modu naturalean eta ez intrusiboan.
ELKARRIZKETEN BILKETA
Horretarako, ikerketa taldeak bi pertsonaren arteko elkarrizketa ugari bilduko ditu; elkarrizketotan, pertsona batek galderak egiten ditu eta beste batek dokumentu jakin batean dagoen informazioan oinarrituta erantzuten dio. Galderak egiten dituen pertsona noiz ase den eta noiz ez detektatzen duten eredu automatikoak entrenatzeko balioko dute elkarrizketak. Datu multzo horren gaineko esperimentuek proposatutako teknikak laborategian baliozkotzeko balioko dute. Esperimentuek arrakasta badute, proposatutako sistemak egun ezagutzen diren 'chatbot' askoren kalitatea hobetzen lagunduko du.
Aurreko urtean Googlek saritutako beste proiektu baten jarraipena da Agirren irakaslea buru duen proiektua; eremu zehatzei buruzko galdera-erantzuneko elkarrizketa sistemak eraiki ziren aurreko proiektuak. Emaitzak oso onak izan dira, ingelesez zein euskaraz, eta atariko emaitzekin argitalpen bana egin dute NeurIPS biltzarreko elkarrizketa sistemei buruzko mintegian zein LREC baliabideei buruzko biltzarrean. Jasotako informazioa hizkuntza prozesamenduan masterreko hainbat lanen ardatza izango da datorren ikasturtean (http://ixa.eus/master).
Proiektuak batez ere ingelesezko elkarrizketetan jarri badu arreta ere, euskarazko elkarrizketekin ere lan egin dute. Horretarako, iaz Ixa taldeak euskarazko elkarrizketak biltzeko boluntarioak erakartzeko kanpaina jarri zuen martxan. Kanpainak oso harrera ona izan zuen, eta pertsonei buruzko euskarazko elkarrizketak jaso ziren, Wikipedian dagoen informazioan oinarrituta. Norbaitek kanpainarekin bat egin nahi badu, nahikoa da http://ixa.eus/lagundu helbidera sartu eta izena ematea.