cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">
DONOSTIA, 2 (EUROPA PRESS)
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) IXA Taldeak Anton Abbadia saria jasoko du gaur, abenduaren 2an, arratsaldeko 19:00etan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregian izango den ekitaldian. IXA Taldeak hizkuntzaren tratamendu automatikoan egindako lana aintzatetsi du Gipuzkoako Aldundiak urtero ematen duen sari horren bidez.
Euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduera saritzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak Anton Abbadia sarien bidez, eta aurten EHUko IXA Taldeari emango dio saria, 1987az geroztik hizkuntzaren tratamendu automatikoan egindako lanarengatik.
Bi arrazoi nagusi izan ditu epaimahaiak IXA Taldea saritzeko. Alde batetik, euskalgintzan aritzen diren enpresa eta erakundeekin elkarlanean aritzeko joera izatea nabarmendu du, hainbatekin sortu baititu lankidetzak bere ibilbidean, hala nola Aholab ikerketa taldea, Eleka, Elhuyar, Vicomtech, Robotiker, UZEI, UEU edo Euskaltzaindiarekin. Bestetik, 25 urteetan egindako lana aintzatetsi du: 60 proiektu baino gehiago, 23 tesi eta 300 artikulu inguru egin ditu.
Lan horren emaitza 20 tresna eta aplikazio baino gehiago izan dira. Hauek dira nagusiak: Xuxen zuzentzaile ortografikoa, leXkit hiztegien edukiak editatzeko eta kudeatzeko ingurunea, Opentrad itzultzaile automatikoa, Multimeteo euskaraz parte meteorologikoen sorkuntza automatikoa, BertsolariXa errimak bilatzeko tresna, Berbatek dokumentalen azpitituluen itzulpen automatikoa, BASYQUE euskararen sintaxiaren aldaketak aztertzeko aplikazioa, Anhitz euskararako 3D aditu birtuala.
Lan horren guztiaren aitorpena jasoko du gaur IXA Taldeak, arratsaldeko 19:00etan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregian. Sari gisa Zuhar Iruretagoiena artista zarauztar gazteak egindako obra bat eta 6.000 euro jasoko ditu IXA Taldeak.
ANTON ABBADIA SARIA
1996an sortu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Anton Abbadia saria, euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduera saritzeko. Hala, euskararen erabilera indarberritu, gizarteratu eta hedatzen diharduten pertsona edo elkarteen jardunaren aitorpen izateko helburua du.
Anton Abbadia Sariak giza alorrean egindako ahalegin isila onestea bilatzen du, bai eta urte luzetako sustrai sakonez etorkizunerako eredugarri izan daitezkeen jokabideak sustatzea ere.
IXA Taldea EHUko ikerketa talde bat da, hizkuntzaren tratamendu automatikoan lan egiten duena. Gaur egun, 53 kide ditu: 40 informatikari, hamar hizkuntzalari eta hiru ikerkuntzarako teknikari. Kide guztietatik 31 doktore dira eta zazpi doktoregai.
Euskarari lotutako ikerketa aplikatua da IXA Taldearen xede nagusia, baina beste hizkuntzen inguruko ikerketa eta produktuen garapena ere sartzen dira bere eginkizunen artean. Hain zuzen, hori da haien azken helburua: euskararako hain beharrezkoak eta onuragarriak izan daitezkeen sistema (erdi)automatikoak garatzea, alegia, teknologia berriak hizkuntzaren eremuan zabaltzeko ari da lanean.