BILBO, 25 (EUROPA PRESS)
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) XIX. Zientzia Astea dela-eta Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Barakaldon azaroan antolatuko diren jardueretan parte hartu ahal izateko izena emateko epea hasiko da datorren astelehenean, urriaren 28an, goizeko 09:00etan. Zientzia Astea ekitaldi ludiko eta pedagogikoa da, eta EHUren helburua da "gizarteari zientzia hurbiltzea, bere benetako xarma erakustea, gazte, heldu eta umeen jakin-mina piztuz".
EHUk prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, azaroaren 6tik 10ra bitartean Bilbon eta Barakaldon egingo da Zientzia Astea, azaroaren 7tik 9ra Donostian, eta azaroaren 7tik 10ra Gasteizen. Bilbon, Bizkaia Aretoan izango da; Barakaldon, Clara Campoamor Zentro Zibikoan; Donostian, Tabakaleran; eta, Gasteizen, Bibat Museoan.
Antolatutako 67 lantegi eta 30 txangoen artean, gustu eta adin guztientzako ekimenak daude: itsasoari, espazioari edota dinosauroei buruzko lantegiak; bakteriak, estatistika, geologia, arkeologia edo janari intolerantziak ezagutzeko ekimenak; esperimentuak egingo dira; papiroflexia ikasteko aukera izango da; eta hirugarren adinean ariketa fisikoa nola egin erakutsiko da, esaterako.
Halaber, txangoen artean daude ibilbideak itsasontziz, hirietan dauden sekretu geologikoak aurkitzekoak, edota zientzia museotara, garraioetara edo upategitara bisitak. Jarduera guztiak doakoak izango dira, eta egitarau osoa Zientzia Astearen webgunean dago ikusgai: http://zientzia-astea.org/eu/eu/
Bestalde, lantegi eta txangoez gain, txokoak, erakusketak, hitzaldiak eta txikienentzako zientzia ikuskizunak ere izango dira, bai eta Zientzia Club saioak ere, hau da, umorea, musika eta zientzia batzen dituzten bakarrizketak. Gainera, aurtengo nobedadea 'Jakinduriek mundue erreko dau' bertso-zientzia saioa izango da.
Lantegietan eta txangoetan parte hartzeko da ezinbestekoa izen-ematea. Bilboko, Donostiako eta Gasteizko izen-emateak Zientzia Astearen webgunean egin beharko dira ezinbestean; Barakaldoko erreserbak, aldiz, telefono edo posta elektroniko bidez egin beharko dira.