EHUren Adimen Artifiziala eta Hizkuntzaren Teknologiaren HiTZ Katedrara batu dira Elhuyar, Ikerlan eta MasOrange

Adimen artifiziala
UPV/EHU
Actualizado: martes, 22 octubre 2024 12:21

BILBO 22 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Adimen Artifiziala eta Hizkuntzaren Teknologiaren HiTZ Katedrari atxiki zaizkio berriki Elhuyar Fundazioa, Ikerlan teknologia zentroa eta MasOrange enpresa, euskal unibertsitate publikoko iturriek jakinarazi dutenez.

Josu Bilbao Ikerlan zentroko Teknologia Digitalen eta Adimen Arifizialaren zuzendariak adierazi duenez, HiTZ Katedrari esker, zentro teknologikoak gizarteari helarazi diezaioke adimen artifizialaren gainean duen ezagutza teknologikoa, eta, gainera, zentroak adimen artifizial aplikatuaren aldeko ikerketa lana indartzen jarrai dezake.

Era berean, Aitzol Astigarraga Pagoaga Orai NLP zentroko koordinatzaileak nabarmendu du Elhuyarrentzat "oso garrantzitsua" dela Orai NLP adimen artifizialeko zentroaren bidez katedraren parte izatea, "hizkuntzaren teknologien gainean ikertzen jarraitzeko eta soluzioak merkatuko beharretara egokitzeko".

Gainera, Elisa Peran MasOrange-ko Talentuaren zuzendariak ziurtatu du HiTZ katedrak "esparru ezin hobea" eskaintzen diela "ikasleekin zuzenean lan egiteko eta, hala, adimen artifiziala eta hizkuntzaren teknologiak benetako arazoei aplikatzeko".

EHUren Adimen Artifiziala eta Hizkuntzaren Teknologiaren HiTZ Katedraren helburu nagusia adimen artifizialaren eta hizkuntza teknologiaren inpaktu positiboa indartzea da, oro har gizartean, eta zehazkiago ekoizpen ehunean. Horrez gain, adimen artifizialaren eta hizkuntzaren teknologiaren gaineko ikerketa jarduerak indartu nahi ditu, eta teknologia hori erabiltzen duten hainbat arlotako prestakuntza eskaintza aberasteko ezagutza sendoa sortu.

Horretarako, Aitor Soroa katedrako zuzendariak azaldu du hiru lan arlo nagusi garatzen dituela atxikitako enpresekin batera: "Batetik, gaiaren gaineko aditu kopurua handitu nahi du, eta, horretarako, katedraren gaiekin eta atxikitako enpresen interesekin bat datozen gradu eta master amaierako lanak sustatzen ditu. Gainera, katedrak etengabeko prestakuntza eskaintza sustatuko du, profesionalei, teknikariei, enpresetako zuzendariei eta eragile sozialei zuzenduta".

Ikertzaileen eta katedrako enpresen arteko transferentzia bultzatzea da katedraren beste lan lerro bat, eta lankidetza mekanismo berriak sortzen ditu horretarako, barruan zein kanpoan sinergiak identifikatu ahal izateko. Hala, katedrak "elkargune bat" izan nahi du, profesionalek eta ikertzaile akademikoek euren esperientziak partekatzeko, interes komunak identifikatzeko eta bientzako erakargarriak diren ikerketa lerroak definitu eta martxan jartzeko.

DIBULGAZIOA

Azkenik, EHUren HiTZ Katedrak ahalegin berezia egingo du emaitzak hedatzeko eta adimen artifizialarekin eta hizkuntzaren teknologiarekin lotutako alderdiak dibulgatzeko. Hala, gizarteari helaraziko dio haren jarduera guztien gaineko informazioa, baita teknologia horiek gizartean duten inpaktuari buruzko informazioa ere.

"Hori bereziki garrantzitsua da garai honetan, gizarteak baduelako adimen artifizialaren aurrerapenen eta aurrerapen horiek izan ditzaketen arrisku posibleen gaineko sentsibilizazioa", adierazi du Soroak.

Azkenik, katedraren zuzendariak iragarri du atxikitako enpresek aholkularitza zerbitzuak jasoko dituztela, ikerketa lerroetan eragiteko gaitasuna izango dutela, eta prestakuntza ikastaroetan zein hedapen jardunaldietan parte hartzeko eskubidea izango dutela.

Contador