Eider Rodriguez Martinek bere fikziozko lehen eleberria idatziko du Xabier Lete Bekari esker

Eider Rodriguez Martin
IREKIA
Actualizado: viernes, 13 septiembre 2024 12:51

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

Euskarazko literatura sorkuntzarako Xabier Lete Bekaren adituen batzordeak Eider Rodriguez Martin idazlea hautatu du, 'Istripu baten kronologia' izenburuko proiektuagatik, eta horrela, bere fikziozko lehen eleberria idatzi ahalko du.

Eusko Jaurlaritzak eta BBVA Fundazioak sortu dute Xabier Lete Beka, eta aurtengoa lehen edizioa da. Euskarazko literatura proiektu bat sortzeko urtebeteko erabateko dedikazioa erraztea da ekimenaren helburua, 70.000 euroko laguntza ekonomikoaren bidez.

Adituen batzordearen aktaren arabera, "istripu baten testu kronologikoak unibertsitateko irakasle bat du protagonista. Tramak gertakari pertsonalak eta kolektiboak, gatazka pertsonalak eta sozialak uztartzen ditu. Esan daiteke sakoneko gai nagusiak indarkeria eta identitatea direla. Gure gizartean urratuta eta konpondu gabe geratu diren eta arrakalak utzi dituzten gaiak agertzen dira".

"Narratiba errealista baten bitartez, erakutsi egiten da kontatu ordez. Kontakizunaren indar iradokitzailea nabarmena da, eta, horregatik, deskribapenek balio metaforiko handia hartzen dute eta elkarrizketek pertsonaien izaera islatzen dute. Pertsonaia nagusiaz gain agertzen diren pertsonaien multzoa konplexua da, eta idazleak pertsonaien psikologian sakonduko duela suma daiteke. Azkenik, estiloa zuzena eta hotza da lehen begiratuan, baina, aldi berean, poetikoa, musikaltasunera hurbiltzen dena", dio adituen aktak.

Eider Rodriguez Martinek bere fikziozko lehen eleberriari ekiteko erabili nahi du Xabier Lete Beka. "Agian hori da proiektuaren gauzarik berriena niretzat, orain arte ipuinak idatzi izan baititut beti, eta fikziozkoa ez den eleberri bat. Bestela, aurreko lanen antzekoa izango da eta hizkuntza laua erabiliko dut", azaldu du bekaren irabazleak.

Dena dela, gaineratu du sinbolo batzuk erabiltzeko ideiak erakartzen duela, "hala nola glaziar baten figura, elementu estatikoa, isila, baina urtzen denean burrunba eragiten duena; eta zu ezin zara urrundu, ezin diozu utzi nola erortzen den begiratzeari".

Irudi horrek unibertsitateko emakume irakasle baten istorioa kontatzen lagunduko dio. Irakasleak bizitza egonkorra du itxuraz, baina uko egin die bere ametsei, lasaitasun ekonomikoaren truke. Trafiko istripu batek bizitza hondatuko dio.

Hori guztia ETAren amaieraren ondorengo Euskadiren testuinguruan: "Egia interesatzen zait gai nagusi gisa, baina baita trauma, indarkeria, mina, leialtasuna eta leinua (euskal identitatearen zentzuan) ere. Izan ere, egoera aldatu egin da, baina alderdi ugariri buruz hitz egin beharra dago oraindik", azaldu du.

EGILEA

Eider Rodriguez Martinek (Errenteria, Gipuzkoa, 1977) Publizitate eta Zinema ikasketak egin zituen, eta kazetaritzaren eta literaturaren esparruan garatu du bere jarduera. Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakaslea da.

2018. urtean Euskadi Literatura Saria jaso zuen euskarazko literaturaren sailean, 'Bihotz handiegia' obragatik. Kazetari gisa, hainbat hedabidetan kolaboratu du, eta edizio eta gidoi lanak ere egin ditu. Hainbat genero landu ditu bere literatura obran: nagusiki ipuina ('Eta handik gutxira gaur', 'Haragia', 'Katu jendea', 'Bihotz handiegia'), baina baita saiakera, genero epistolarra, haur literatura eta komikia ere. Bere obra gaztelaniara, italierara, alemanera, nederlanderara eta frantsesera itzuli da.

Adituen txostena Koro Navarro Etxeberria itzultzaileak zuzendu du, eta EHUko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktikako irakasle Alex Gurrutxaga Muxika aritu da idazkari lanetan. Batzordekideak izan dira Lourdes Otaegi Imaz Euskal Filologiako doktore eta Hizkuntzalaritzako eta Euskal Ikasketetako irakasle agregatua EHU, Jon Kortazar Uriarte idazle, literatura kritikari eta Euskal Filologiako doktore eta Euskal Literaturako katedraduna EHUn eta Aritz Galarraga Lopetegi editore, idazle, literatura kritikari eta Literaturako doktorea Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan eta Paue eta Aturrialdeko Unibertsitatean.

BEKA

Xabier Lete Beka Eusko Jaurlaritzak eta BBVA Fundazioak sormen talentua babesteko hartu duten konpromisoarekin lotuta dago. Halaber, Euskadirekiko eta bertako hizkuntzarekiko konpromisoaren isla da.

Globalizazioa gora egiten ari den testuinguruan eremu urriko hizkuntza bateko kultur sorkuntzak eta produkzioak dituzten zailtasunak ezagututa, bi erakundeek euskarazko literatur sorkuntzara baino bideratuta ez dagoen beka abiarazi dute, euskal literaturak bizi duen gero eta aniztasun eta kalitate handiagoaren dinamikari beste ekarpen bat egiteko.

Contador