Ekhilur ordainketa sistema berria abiatu dute

Publicado: lunes, 4 enero 2021 11:09

BILBO 4 Ene. (EUROPA PRESS) -

Ekhilur gertuko kontsumo kooperatibak Ekhilur ordainketa sistema berria jarri du martxan. Visa, Bizum edo PayPal bezalako sistemen baliokidea da, eta segurtasun estandar berberak betetzen ditu maila juridiko eta teknologikoan (PSD2). Bazkidetzeko eta kontua irekitzeko, https://www.ekhilur.eus web orrian sartu eta formularioa bete behar da.

Ohiko ordainketa sistemak ez bezala, Ekhilur irabazi asmorik gabeko herritarren kooperatiba baten kontrolpean dago, eta, "kooperatibako bazkide garen aldetik, sistemaren eta gure kontsumo datuen kontrola dugu", nabarmendu dute Ekhilur kooperatibako kideek.

Horrela, kooperatiba sortzen ari den Ekhilur sarearen barruan dirua ordaintzeko eta transferitzeko ez ezik, "tokiko merkataritza leialtzeko, udaletan gizarte laguntzak kudeatu eta banatzeko, gastu publikoa zuzenean tokiko ekonomiara bideratzeko eta abarretarako ere balio du" ordainketa sistema berriak.

"Hala ere, Ekhilurren funtzio nagusia komunitatea sortzea da, krisien aurreko erresilientzia sozioekonomikoa, ekonomia birkokatzea eta herritarren ahalduntzearekin batera. Orain has gaitezke Ekhilur sarea gure inguruan zabaltzen, eta zenbat eta jende gehiago, denda, enpresa, udal eta abar, orduan eta kontrol handiagoa izango dugu gure diruaren eta ekonomiaren gainean", azaldu dute.