Ekoetxea Sareak herritarrekin antolatutako bilketak ia tona bat hondakin kendu du espazio naturaletatik

Ibarlako inguruan bildutako hondakinak
IREKIA
Actualizado: miércoles, 12 junio 2024 12:09

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

Ekoetxea Sareak herritarrekin lankidetzan hondakinak biltzeko antolatutako kanpainak ia tona bat hondakin jaso eta kendu da Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Zentroen Sarea kokatuta dagoen ingurune naturaletatik.

Ihobe ingurumen jarduketarako sozietate publikoak kudeatuta, ia 150 pertsonak bat egin dute 2024ko Ingurumenaren Nazioarteko Egunarekin, Ekoetxea Urdaibai, Ekoetxea Meatzaldea, Ekoetxea Txingudi eta Ekoetxea Azpeitiaren hondakin bilketa handiaren bitartez.

'Gure lurrak. Gure etorkizuna' lelopean ekainaren 8an gauzatutako bilketa ekintza Ihobek hilabete honetako lehenengo hamabostaldian herritarrei zuzentzen dizkien jardueren zati da, 'Let's Clean Up Euskadi!' kanpainarekin batera.

Edizio honetan, Ekoetxea Txingudik eta Recicla-Birziklatu eta Ekopatruilak Irun erakundeek Ibarlako eremuaren garbiketa egin zuten; aisialdiko jarduerak aire zabalean egiteko jolasgunea da, Arbesko Errota kaleko aparkalekutik La Juanitaren aurreko haur jolastokiraino doana. Parte hartu zuten 35 pertsonen lanaren emaitza izan zen tona erdi bat hondakin kentzea.

Ekoetxea Urdaibairen inguruan, garbiketa Izaro Sub erakundearekin batera egin zen, San Kristobalgo paduran eta Muruetako Teilategian, bertan kontzentratu ohi batira itsasoak kostaldera itzultzen dituen hondakin asko. Bilketak hiru orduz iraun zuen eta, 60 boluntariori esker, 165 kilo hondakin berreskuratu ahal izan ziren, guztira.

Ekoetxea Meatzaldean, berriz, garbiketa Trianoko Mendien goialdean egin zen, Larreineta eta Parkotxa-Barrionuevo auzoen ondoan, Trapagaranen. Burdin Herria elkartearekin elkarlanean, 42 lagunek parte hartu zuten eta 175 kilo zabor kentzea lortu zuten.

Azkenik, Ekoetxea Azpeitiak 90 kilogramo zabor bildu zituen udalaren lankidetzarekin Landeta auzoko eremu industrialean, jarduera ekonomikoko gune horretatik gertuen dagoen aldean.

SUBSTANTZIA TOXIKOAK

Ihoberen arabera, ingurune naturaletan abandonatutako hondakinek substantzia toxikoak askatzen dituzte, eta substantzia horiek lurzorua, ura edo airea kutsatu dezakete eta izaki bizidun guztiei kalte egin.

Hondakin horiek paisaiak degradatzen dituzte eta esparru berezi askoren edertasun naturala narriatzen dute, betirako kutsatuta uzten baitituzte, ingurune eta pertsonen osasunean eragina izanik; adibidez, zigarrokin huts batek ia bi urte behar ditu deskonposatzeko, eta plastiko batek 100 urte baino gehiago.

Ihobek Ekoetxea Sarearen bidez planteatu dituen ekintzak lagungarriak izan nahi dira herritarrek kontzientzia har dezaten eta irtenbidean inplika daitezen, zenbait ekintzaren bidez hitzetatik ekintzetara pasatuz. Hain zuzen, hor sartzen dira Ingurumenaren Nazioarteko Egunerako programatutako ekimenak eta eraldaketa ekosozialaren alde egiteko diseinatutako esperientziak.

Contador