BILBO, 16 (EUROPA PRESS)
ELA sindikatuak salatu du Osakidetza Basurtuko ospitaleko mantenimendu zerbitzua "pribatizatzen" ari dela, zuzendaritzak "ez dituelako mantenimenduko langileen hutsuneak betetzen lehen egunetik" eta lanak "enpresa pribatu batera" zuzentzen dituelako.
Sindikatuak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, uda honetan hainbat hutsune sortu dira Bibloko erietxeko mantenimenduko langileen artean; hain zuzen ere, abuztuaren 26an eta 29an mekanikari batek, elektrikari batek eta iturgin batek baja hartu zuten.
Bada, ELAk salatu du hutsune horiek ez direla bete irailaren 10era arte, eta tarte horretan, Giroa-Veolia enpresak bereganatu duela sortutako lana. "Zerbitzua pribatizatzeko beste urrats baten aurrean gaude. Osakidetzak mantenimenduko 14 bat langile ditu, eta beste 12 Giroa-Veolia enpresarekin azpikontratatuta", adierazi du.
Ildo horretan, sindikatuak dio Basurtuko ospitalean sortzen diren mantenimenduko behar guztiak Giroa-Veolia enpresak kudeatzen dituela, eta gainontzeko lanak egozten dizkiela Osakidetzako langileei. Gainera, mantenimenduko zerbitzuan dagoen biltegia Giroa-Veoliak bakarrik kudeatzen duela adierazi du. "Osakidetzako langileen behin-behinekotasunarekin batera, zerbitzu horren erabateko pribatizazioari ateak irekitzen dizkio", gaineratu du.
Hori guztia dela eta, ELAk berriro eskatu du "martxan dauden pribatizazio prozesu guztiak bertan behera uztea", eta horretarako behin-behineko langileak egonkortzea lanpostuen aparteko finkatze prozesuen bitartez.