BILBO, 17 (EUROPA PRESS)
eLankidetza Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak ekintza humanitarioko 2025eko proiektu eta estrategietarako diru laguntzen deialdiak argitaratu ditu, eta 7,6 milioi euro baino gehiago banatuko ditu.
Diru laguntzak desberdintasun eta gatazken ondoriozko krisi humanitarioen egoerei erantzuten saiatuko dira, elikagaietan segurtasunik eza, ur eskasia, askotariko indarkeriak edo lekualdatzeak eragiten baitituzte mundu osoan, bereziki emakumeek eta neskatoek pairatzen dituzten ondorioak, hain zuzen ere.
Bada, aurten, eLankidetzak 4,6 milioi euro bideratuko ditu urtebeteko ekimenak finantzatzera. GGKE humanitarioek gehienez 200.000 euro jasoko dituzte, eta proiektuak aurkeztu ahalko dituzte astaertetik, martxoaren 18tik, urtean zehar funtsak agortu arte.
Era berean, beste 4 milioi euro izango dira estrategia humanitarioetarako, krisiek jotako biztanleriari laguntzeaz gain, tokiko erakunde humanitarioak indartzeko eta euskal gizartea sentsibilizatzeko ekintzak gauzatzeko.
Kasu honetan, esku hartze bakoitzak 800.000 euro jaso ahalko ditu gehienez eta 500.000 euro gutxienez. Diruz lagundutako hiru ekimen Afrikan gauzatu beharko dira, eta erakundeek hilabete izango dute ekimenak aurkezteko, apirilaren 1etik 30era.
Gainera, eLankidetzak 250.000 euro emango ditu UNRWAk egindago larrialdi deiari erantzunez. Libanoko larrialdi humanitariorako izango da da, eta 6 eta 12 urte bitarteko errefuxiatu palestinar diren 2.017 ikasleri oinarrizko hezkuntza eskaintzeko balioko du.
Halaber, 250.000 euroko zuzeneko ekarpena egingo zaio NBEren Larrialdi Kasuetarako Ekintzarako Funts Nagusiari. Funtsak 48 ordu baino gutxiagoan erantzuten die Hegoaldeko herrialdeetan izandako gatazka edo hondamendi naturalek eragindako larrialdi humanitarioei, besteak beste.
Orobat, eLankidetzak Acción Contra el Hambre erakundeari babesa ematen jarraituko du 100.000 eurorekin. Laguntzak balioko du elikadura segurtasun eredu bat sortzeko bakearen eraikuntzan arlo humanitarioan eta garapenean diharduten eragileen artean.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak eLankidetzako aurrekontua 2,5 milioi euroan handitzea onartu zuen joan den martxoaren 4an, eta horrela, ekintza humanitarioko esku hartzeetarako laguntzak milioi bat handituko direla aurreikusi da.
2024KO BALANTZEA
eLankidetzak ia 12 milioi euro banatu zituen laguntzetan 2024an Euskadiko eta tokiko erakundeek gauzatutako 44 ekimen humanitarioren artean. Nagusiki Afrikan eta Ekialde Hurbilean egindako ekimenak izan ziren, baina baita Hego Amerikan eta Erdialdeko Amerikan.
Libanoko, Zisjordaniako edo Gazako emakume, haur eta nerabe palestinarrei osasun arreta eta arreta psikosoziala izan ziren lagundutako ekimenetako batzuk.
Gainera, desgaitasuna duten pertsonen edo adingabeen elikadura segurtasuna babestu zen saharar errefuxiatuen kanpamenduetan, bai eta Mexikon, Guatemalan edo Kolonbian indarkeria matxistatik bizirik atera diren neska eta emakume migratzaileak ere.
Era berean, diru laguntzei esker, besteak beste, kalitatezko osasun zerbitzuak eskaini zitzaien Kenyan errefuxiatutako eta indarkeriaren biktima izan diren emakumeei edo Kongoko Errepublika Demokratikoko Ipar Kivuko indarkeria areagotzearen ondorioz kaltetutako herritarrei.
Azkenik, eLankidetzak laguntzak eman zituen Etiopian osasunerako eta hezkuntzarako edo Tigrayko gerrak kaltetutako landa komunitateei laguntzeko. Venezuelan, Malin, Nigerren, Txaden, Kamerunen edo Hego Sudanen errefuxiatuak, lekualdatuak edo mugikortasunean dauden pertsonak artatzeko esku hartze humanitario mota batzuk ere babestu ziren.