BILBO, 20 (EUROPA PRESS)
Elhuyarrek 'ZientziaKIDE 2020: Gizarte kritikoaren bidean' izeneko proiektua jarri du martxan, pentsamendu kritikoa garatzeko eta sustatzeko helbururarekin. Hainbat ekintza antolatuko dira 2021eko ekainera bitarte ekimena aurrera eraman ahal izateko, hala nola dekalogo bat, edukiak, trebakuntza saioak, hitzaldiak, sareko jolasa eta beste hainbat ekintza, eta guztietan herritarren parte hartzea indartuko da.
Elhuyarreko iturriek adierazi dutenez, gaur egungo gizartea "aldaketa prozesu azkar eta etengabe batean" murgilduta dago. Testuinguru horretan jasotzen den informazioa aztertzeko, "beharrezkoa da pentsamendu kritikoa garatzea".
"Haren bidez, ebidentzietan oinarrituta eraikiko du norberak bere iritzia edo ikuspuntua, gizarte demokratiko bateko eragile aktibo izateko. Izan ere, pentsamendu kritikoak lagunduta, defentsa mekanismoak garatzen ditugu informazio partzialen eta interesatuen, sozialki ezarritako interesen, joeren, kontsumismoaren, manipulazioaren eta doktrinamenduaren aurka", azaldu dute.
Horrela, pentsamendu kritikoa garatzeko eta pentsamendu kritikoaren garapenak duen garrantzia adierazteko, honako ekintza hauek egingo dira 2021eko ekainera bitarte: dekalogo bat; '10 egunez pentsamendu kritikoa' ekimena, sare sozialetan aholkuak zabalduko dituena; pentsamendu kritikoa zer den azaltzeko edukiak, trebakuntza saioak, hitzaldiak, sareko jolasa, eta kaleko ekintzetarako 'Pentsamendu kritikoaren txokoa'. Ekintza horiekin guztiekin lotura duten eduki guztiak zientzia.eus/pentsamendu-kritikoa eta zientziakide.elhuyar.eus web orrietan egongo dira ikusgai.
Proiektuan egingo diren ekimen guztiak generoaren eta inklusibitatearen ikuspegitik garatuko dira modu inplizituan, estrategikoan eta zeharka. Gainera, presentzialak diren ekintza guztietan covid-19a prebenitzeko neurriak ezarriko dira.