Eliane Reyes pianista belgikarra arituko da Vital Fundazioaren Astearte Musikalen bigarren kontzertuan

Eliane Reyes
VITAL FUNDAZIOA
Actualizado: martes, 13 noviembre 2018 10:05

GASTEIZ 13 Nov. (EUROPA PRESS) -

Eliane Reyes piano jotzailea izango da Vital Fundazioaren Astearte Musikalen bigarren kontzertuaren protagonista astearte honetan, azaroaren 13an. Frantziako Arte eta Letren Ordenako Zalduna aitorpena jaso duen lehenengo piano jotzaile belgikarra izan da Reyes, 2016an. Emanaldia 20:00etan hasiko da Vital Fundazioa Aretoan, Gasteizen, eta sarrerak ekitaldia hasi baino ordubete lehenagotik aurrera eros daitezke.

Verviers-en jaio zen, 1977an. Oso gazte zela hasi zen piano ikasketak egiten eta 1988an, 11 urterekin, Tibor Varga jaialdian jo zuen, Sionen (Suitza), baita Amsterdameko Concertgebouw-ko Errege Orkestrarekin ere. Bere lehenengo irakaslea ama izan zuen, eta gero, Bruselako Errege Kontserbatorioan jarraitu zituen ikasketak, Belgikako Reine Elisabeth Chapelle Musicale, Berlineko Hochschule des Künste eta Salzburgeko Mozarteum-en. Bere ikasketak amaitzean piano irakasle izendatu zuten Parisko Conservatoire National Supérieur de Musique erakundean.

Reyesek sari ugari irabazi ditu nazioarteko lehiaketetan eta pertsona ospetsuek gonbidatu dute zenbait kontzertu egitera, esate baterako, Martha Argerich-ek eta Vladimir Ashkenazy-k. Era berean, hiru aldiz izan da International Classical Music Awards sarietarako izendatua.

Gaur egun irakaslea da Bruselako Errege Kontserbatorioan eta Parisko Conservatoire National Supérieur de Musique-n, eta sarri gonbidatzen dute epaimahaikide izateko nazioarteko lehiaketa ospetsuetan. 2016an, Frantziako Kultura ministroak Arteen eta Letren Ordenako Zalduna aitorpena eman zion, aintzatespena jaso duen lehen pianista belgikarra izanik.

Astearte honetako errezitaldian entzungai izango dira Granados, Chopin, Ravel edo Debussy-ren pieza, besteak beste. Emanaldia 20:00etan hasiko da, Vital Fundazioa Aretoan, eta sarrerak aretoan bertan eros daitezke, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik aurrera, zortzi euroko prezioan.