Elikagaien hondakinak murrizteko eta soberakina gizarte erakundeei emateko ekimena hasi dute Arratiako udalek

Publicado: sábado, 6 julio 2024 12:37

BILBO 6 Jul. (EUROPA PRESS) -

Arratiako (Bizkaia) Udalen Mankomunitateak ekimen barritzaile eta solidario bat jarri du martxan eskualdean elikagaiak alferrik ez galtzeko. Proiektua iraunkortasunaren eta baliabideen kudeaketa eraginkorraren esparrukoa da, eta askoz elikagai hondakin gutxiago sortzea eta egoera onean dauden soberakinak behar dituen kolektiboei ematea ditu helburu.

Kanpainak 42.473 euroko aurrekontua dauka (BEZik gabe), eta Next Generation EU Europar Batasunak %90ean finantzatu du, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan, Arratiako Udalen Mankomunitatetik jakinarazi dutenez.

Ekimena identifikazio fasean dago, eskualdeko soberakinen argazki zehatza euki nahi delako. Horrela, elikagai soberakinak sortzen dituzten zentroak edo kolektiboak identifikatuko dira (ikastetxeak, ospitaleak, enpresako jantokiak, ostalaritza, jatetxeak), eta azterketa osatuko da soberakin horiek jaso ahal dituzte gizarte erakunde eta irabazi asmorik gabeko erakundeekin.

"Etorkizun jasangarri bategaz konprometituta gagoz. Elikagai gitxiago alferrik galtzea funtsezkoa da ingurumenarentzat, eta, era berean, tokiko ekonomia hobetzeko eta kolektibo ahulei laguntzeko, zerbitzu hori erabili ahal izango dabe eta", azpimarratu dau Aitor Sorriketa Arratiako Udalen Mankomunitateko presidenteak.

Proiektuak zortzi hilebeteko iraupena izango du, gutxi gorabehera. Elikagai gehien alferrik galtzen dituzten zentro nagusiak aztertu eta haien ezaugarriak zehaztu nahi dira, kontsumitzen ez diren eta egoera ezin hobean dauden elikagaietan arreta jarrita.

Ildo horretan, aholkularitza eskainiko zaie parte hartzen duten zentroei, prebenitzeko eta elikagai soberakinak murrizteko, Elikagaiak Alferrik Galtzea Prebenitzeko Plan bat diseinatuz eta ezarriz edo sentsibilizazio ekintza espezifikoen bidez.

Aldi berean, zerbitzu bat ezarriko da elikagaiei balioa emateko dohaintzak eginez, eta soberakina berriro banatzeko bideak sortuko dira horretarako egokiak diren kolektibitateen zentroen eta gizarte erakunde hartzaileen artean. Posta elektroniko bat jarri da soberakinak jaso nahi dituzten gizarte erakundeek informazino gehiago euki dezate: arratia21@arratia.org.

Proiektu osoan zehar ekintzak egingo dira jendea orokorrean sentsibilizatzeko, eta hitzaldiak eta lantegiak antolatuko dira zati organikoa eta elikagaien hondakinak eraginkortasunez kudeatzeari buruz. Oreka Circular Economy enpresearen eskutik gauzatzen dabil ekimena.