"Elkarrekin euskararen gizarte erabilera areagotzeko jauzia" ematea da Jaurlaritzaren helburu nagusia legealdian

Archivo - Ibone Bengoetxea
IÑAKI BERASALUCE-EUROPA PRESS - Archivo
Actualizado: lunes, 16 septiembre 2024 12:26

GASTEIZ, 16 (EUROPA PRESS)

Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak iragarri duenez, "elkarrekin euskararen gizarte erabilera areagotzeko jauzia" ematea da Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren helburu nagusia legealdi honetan, hizkuntza politikari dagokionez.

Bengoetxeak agerraldia izan du astelehen honetan Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak datozen lau urteotarako finkatu dituen erronka eta helburu nagusiak azaltzeko. Sailburuarekin batera, Andoni Iturbe Kultura sailburuordea, Aitor Aldasoro Hizkuntza Politika sailburuordea eta Gorka Iturriaga Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaria ere izan dira agerraldian.

Bada, Bengoetxeak aitortu du euskararen egoera hobea izan daitekela, eta "emandako aurrerapausoak onartzea eta aitortzea etorkizuneko erronkei erantzunik onena emateko lehen pausoa" ere badela esan du.

Ildo horretan, Jaurlaritzako lehen lehendakariordeak adostasunaren garrantzia azpimarratu du: "Batera egingo dugu. Guztiok gara beharrezko guztionak diren helburuak lortzeko".

AROA Marko Estrategikoa hartu du erreferentziatzat, etorkizuneko lan ildoak garatzeko. Horrela, edozein dela ere herritarraren egoera, euskaraz gehiago eta errazago ikasteko aukerak handitzea aipatu du, eta horretarako doakotasunaren bideari jarraituko zaiola.

Era berean, Jaurlaritzak eskolaz kanpoko ekosistema euskaldunagoa lortu nahi du, eta horrela, ituna proposatu du "EAEko udalerri guztietan eskolaz kanpoko jarduerak euskaraz izateko".

Ingurune digitalean euskarak leku gehiago izatea da beste lan ildoetako bat, eta horretarako, ikerketa zentro eta enpresen arteko konexioak sustatuko dira arlo digitalean eta merkatuan euskarak presentzia izan dezan.

Halaber, eremu sozioekonomiko publiko zein pribatuan euskaraz lan egiteko aukeren inguruko "adostasun soziopolitikoa" lortzeko deia egin du, "lan munduan euskarak lekua irabaz dezan". Era berean, legealdiko beste erronka nagusi bat Europan euskararen ofizialtasuna lortzea dela aipatu du.

Hori guztia posible egiteko, Bengoetxeak beharrezko ikusten du "euskara emozio positiboekin lotzea, liskarrak alde batera utzita". "Denon indarrak batu eta konektatu behar ditugu", gaineratu du, Euskaraldia jarrera eta eginkizun horren erakusle izango dela aipatuz.