Emakume gazteak ikasketa teknologikoetara erakartzeko Gladys Sariaren bosgarren edizioa abian da

Bosgarren Gladys Sariak aurkeztu dituzte
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 7 abril 2025 14:26

DONOSTIA, 7 (EUROPA PRESS)

Puntueus Fundazioak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultateak emakume gazteak ikasketa teknologikoetara erakartzea bilatzen duen Gladys Sariaren bosgarren edizioa jarri dute martxan. Izen-ematea zabalik dago eta hautagaitzak www.gladyssaria.eus webgunean aurkez daitezke ekainaren 1era arte. Irabazleak 4.000 euroko ordainsaria jasoko du.

Sariaren bosgarren edizioa Donostian aurkeztu dute astelehen honetan, inoizko babesik handienarekin. Ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes nagusia du, eta Emakunde, Danobatgroup, Euskaltel Fundazioa, EITB eta EHUko Berdintasun Zuzendaritza ditu lagun.

Aurkezpenean azaldu dutenez, Gladys Saria 2021ean sortu zen, emakume gazteak ibilbide teknologikoari ekitera animatzeko eta euskal ingurune digitalean erreferente berriak sortzeko helburuarekin. Lau urteko ibilbidean gero eta interes handiagoa piztu du, eta horren erakusgarri da urtez urte aurkeztutako hautagaitza kopuruak izandako hazkundea.

Edizio bakoitzak emakume bat aitortzen du, eta, Olatz Arbelaitz EHUko Informatika Fakultateko Berdintasun Batzordeko kideak adierazi duenez, "orain arte lau emakume saritu ditu, profil desberdinetakoak, eta horrek erakusten du askotariko erreferenteak behar ditugula. Neska gazteek sektorean aukera oso ezberdinak dituztela ulertzea nahiko genuke".

Gladys del Estal informatikariaren izena daraman sariaren helburua ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferente berriak sortu eta haien lana jendarteratzea da. Horrez gain, Donostiako Informatika Fakultatean ikasi zuen emakume haren lana gogoraraztea ere bada lehiaketaren xedeetako bat da.

Aurten orain arteko babes sare sendoena osatu da sariketaren inguruan eta euskal gizartean eragin handia duten erakunde oso ezberdinak elkartu dira helburu beraren bueltan.

Lorea Arakistain Puntueus Fundazioko marketin eta komunikazio zuzendariaren hitzetan, "Gladys teknologia eta berdintasunaren arteko elkargune gero eta garrantzitsuagoa da. Komunitatearen konpromisoa azpimarratu nahiko nuke, emakumeekin eta teknologiaren etorkizunarekin".

BOSGARREN EDIZIOA

Abian den bosgarren edizioan 40 urte urte arteko emakumeek parte hartu ahal izango dute. Ingurune digitaleko edozein arlotakoak izan daitezke. Hautagaiek bere burua aurkez dezakete sarira, baina edozeinek proposa ditzake hautagaiak.

Sari bakarra izango da eta epaimahaiak kontuan izango ditu hautagaiak duen etorkizuneko proiekzioa, egin duen ibilbide profesionala, eta emakumeak sektorean inspiratzeko eta ahalduntzeko gaitasuna.

Izen-ematea zabalik dago jada eta hautagaitzak www.gladyssaria.eus webgunean aurkez daitezke ekainaren 1era arte. Irabazleak 4.000 euroko ordainsaria jasoko du.

Ane Iturzaeta Agirre (2021), Olatz Perez de Viñaspre (2022), Amaia Abanda Elustondo (2023) eta Lorea Argarate Zubia (2024) dira orain arteko sarituak.

Contenido patrocinado