Emakume zientzialarien 150 sarrera baino gehiago ari dira prestatzen Txikipedian 18 ikastolatako ikasleak

Erronkan parte hartzen ari den ikastoletako bateko ikasleak.
IKASTOLEN ELKARTEA
Actualizado: lunes, 8 marzo 2021 10:57

BILBO, 8 (EUROPA PRESS)

Euskal Wikilariak Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak abian jarritako 'Nik, zuk, guk... 250 bai?' proiektuak aurrera darrai, eta, erronkaren baitan, 18 ikastolatako ikasleak emakume zientzialarien 150 sarrera baino gehiago ari dira prestatzen jada Txikipedian.

Txikipedian 250 sarrera berri argitaratzea da proiektuak planteatutako erronka, bereziki emakumezkoenak, eta zehazki emakume zientzialarienak. Ikastolok otsailean hasi ziren lantzen eta martxo amaiera aldera argitaratuko dira. "Helburutik oso hurbil dira dagoeneko", nabarmendu dute Ikastolen Elkartetik.

Hain zuzen, otsailaren 9an ekin zioten 18 ikastola horietako lehenek Txikipedian sarrera berriak sortzeko prozesuari. Otsailaren 11n Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatu zen, eta erronkaren helburu nagusietakoa emakume zientzialariei buruzko sarrerak sortzea da.

Martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Egunean, Txikipedian 250 sarrera berri egiteko botatako erronkaren lehenbiziko balantzea egiteko konpromisoa hartu zen, sarrera gehienak emakumeei buruzkoak izatea nahi baita.

Horrela, dagoeneko 220 sarreratik gora ari dira ekoizten 18 ikastola horietako DBHko lehen eta bigarren mailetako ikasleak. Horietatik 150etik gora dira emakume zientzialariei buruzkoak, baina beste emakume batzuk ere aukeratu dituzte (artistak, aktoreak, musikariak, legelariak, kirolariak eta abar).

Era berean, emakumeei buruzko sarrerak ekoizteaz gain euskarazko edukiak ugaritzea ere helburuetako bat zenez, irekia utzi zen gaiaren hautaketa, eta horrela, badira baita inguruko leku eta eraikin esanguratsuei buruzko sarrerak nahiz jaiei eta ikastolei buruzkoa ere.

"Hizkuntza gutxituek, eta horien artean euskarak, testuinguru digitaletan presentzia gutxi dute. Leku propio baten beharra dago. Sarean nabigatzeko hizkuntza ohituretan ere eragin nahi da, askotan nahi den hori euskaraz bilatzeko zailtasunak izaten baitira. Interneten, gainera, gizonezkoei eta emakumezkoei buruzko artikulu kopuruaren artean dagoen arrakala izugarria da. Abiapuntu horretatik ekin zioten aipatu 18 ikastola horietako ikasleek sarrera berrien sorkuntzari", azaldu dute.

"KONPROMISOA, GOGOA ETA ILUSIOA"

Gainera, prozesuan parte hartzen ari diren ikasleen eta irakasleen "konpromisoa, gogoa eta ilusioa" nabarmendu dute. Izan ere, gaineratu dutenez, "euren parte hartze aktibo eta proaktiboari esker, eurak sortzen ari diren sarrera berri horiek guztiok kontsultatu ahal izango ditugu, guztion jakinmina asetzeko zerbitzura egongo dira, eta era berean, euskarak presentzia handiagoa izango du sarean eta emakumezkoen ikusgarritasuna areagotu egingo da".

Honako hauek dira ekimenean parte hartzen ari diren 18 ikastolak: Aita Larramendi (Andoain), Andra Mari (Etxarri Aranatz), Armentia (Gasteiz), Asti Leku (Portugalete), Betiko (Leioa), Elgoibar ikastola (Elgoibar), Ikasberri (Azpeitia), Iñigo Aritza (Altsasu), Kurutziaga (Durango), Laskorain (Tolosa), Lautada (Agurain), Lizarra ikastola (Lizarra), Orereta ikastola (Errenteria), Paz de Ziganda (Atarrabia), Txintxirri (Elorrio), Urretxindorra (Bilbo), Uzturpe (Ibarra) eta Xalbador Kolegioa (Kanbo).