Emakumeek sindikatuetan gehiago parte hartzeak lan munduan "eragin positiboa" duela egiaztatu du azterlan batek

Miren Elgarresta (erdian), azterlenaren egileetako birekin.
EMAKUNDE
Actualizado: miércoles, 6 noviembre 2024 12:12

GASTEIZ 6 (EUROPA PRESS)

Sindikatuetan emakumeen parte hartzeak gora egiteak lan munduan "eragin positiboa" duela egiaztatu du 'Emakumeen lidergoa EAEko sindikatuetan eta sindikatuen bitartez: bideratzaileak, oztopoak eta erronkak' izeneko azterlanak.

Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko ikerlanei ematen dien bekak lagunduta egin dute lana Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileak diren Eliana Alemen Salcedok, Lohitzune Zuloaga Lojok eta Elisa Sierra Hernaizek, eta asteazken honetan aurkeztu dute Gasteizen, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak lagunduta.

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) ordezkaritza handiena duten ELA, LAB, CCOO eta UGT sindiaktuetako ehun bat emakumek parte hartu dute ikerketan. Izan ere, egileek nahi dute txostena sindikatuentzat hausnarketarako tresna erabilgarria izatea, "genero berdintasunarekin hartutako konpromisotik abiatuta eraldaketa prozesuetan murgilduta dauden heinean".

Azterlanerako egindako elkarrizketetatik ateratako emaitzek baieztatu dute emakume langileak gero eta gehiago antolatzen eta mobilizatzen direla, euskal sindikatuetako emakumeen afiliazioa zein delegatu sindikalen kopurua gehitu egin direlako. Zehazki, emakume delegatuak %41 dira ELAn, %39,08 LABen, %36,90 CCOOn eta %32 UGTn.

Ikerketan jasotako testigantzen arabera, emakumeek lantokian duten ordezkaritza sindikalak "eragin positiboa" du, aniztasuna laguntzen duelako eta emakumeek zein gizonek pertsona erreferente gehiago dituztelako.

'FEMINISTAZIOA'

Txostenaren egileek 'feministazio' hitza erabili dute euskal sindikatuetan gertatu diren aldaketa prozesuak azaltzeko. Ildo horretan, ikertzaileek egiaztatu dute erakunde horietako hainbat kargutan emakumeen presentzia handitzeaz gain, sindikatuek beraiek "ikuspegi feminista bereganatu dutela".

"Enpresetan berdintasun planak garatzea, zainketekin lotutako gaiak sindikatuen agendan sartzea, emakumearen arloak sortzea edo sindikatuetan ordezkaritza kuoten neurriak sartzeko egindako estrategiak funtsezkoak dira sindikatuen feministazio prozesuan", azaldu dute.

Lidergoari dagokionez, aztertutako sindikatuetako organo exekutibo goren gehienak paritarioak dira edo %60-%40ko ordezkaritza tartea dute gaur egun. Datu horiek emakumeek erakunde horietan erresistentziak gainditzeko izan duten ahalmenaren ondorio izan dira.

Halaber, ikerketan parte hartu duten emakumeek onartu dute emakumeak diren lider sindikalak ahaldundu egin direla, ahalduntzearen dimentsio indibidualean zein kolektiboan, eta sindiaktuek prozesu horretarako beharrezko baldintzak sor ditzaketela.

Azterlanak gomendio batzuk iradoki dizkie euskal sindikatuei, erakundeetan emakumeen lidergoa indartzen laguntzeari dagokionez. Ikertzaileek proposatutako neurri zehatzak dira hausnarketa ekintza prozesuak hastea edo jarraitzea, lan sindikala eta emakumeen bizitzako beste esparru batzuk bateragarri egiteko modu berriak aztertzea, prekarizatutako sektoreetan lan egiten duten emakumeentzat baliabide gehiago bideratzea, emakumeen eskaerak ikusaraztea eta sindikatuek berdintasunaren arloko aldaketa eragile gisa duten zeregina bultzatzea.

EMAKUNDE

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak nabarmendu du emakumeek euskal jarduera sindikalean duten parte hartzeak gora egin duela eta horrek eragin positiboa izan duela lan munduan berdintasunak aurrera egiteko.

Euskal gizartean erabaki eta eragin postuetan emakume gehiago egotea aldarrikatu du, eta, gogorarazi duenez, "emakumeek oraindik oztopo askori egin behar diete aurre euren ibilbidean, eta oztopo horiek eragotzi egiten diete berdintasuneko lidergo postuetara iristea".

"Azterlan honek erakusten digu negoziatzen den eta erabakiak hartzen diren lekuetan aniztasuna bultzatzea ez dela soilik justizia sozialeko gai bat, baizik eta, gainera, berrikuntzako, kalitateko, kudeaketa aurreratuko eta etengabeko hobekuntzako elementu bat ere", ziurtatu du.

Bukatzeko, sektore feminizatuetan lan egiten duten emakumeen problematikak ikusarazteko duen eragina ere aipatu du Emakundeko zuzendariak.

Contador