Emakundek 35 ikastaro eskainiko ditu sareko Berdintasun Eskolaren bigarren edizioan

Miren Elgarresta eta Pilar Kaltzada
EMAKUNDE
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 14 abril 2025 11:37

GASTEIZ, 14 (EUROPA PRESS)

Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak herritarrak berdintasunean sentsibilizatzeko eta prestatzeko sareko Berdintasunm Eskolaren bigarren edizioa jarri du martxan, lehenengoak arrakasta izan ondoren, eta hainbat gairi buruzko doako eta kalitatezko 35 ikastaroko eskaintza egingo du.

Miren Elgarresta zuzendariak aurkeztu du astelehen honetan Gasteizen Emakunderen Berdintasun Eskolaren bigarren edizioa. Ikastaroetako irakasleetako bat ere izan da aurkezpen ekitaldian, Pilar Kaltzada kazetaria, hain zuzen ere, eta 'Genero ikuspegidun komunikazioa' izeneko ikastaroa eskaini die bertaratutako hedabideei.

Bada, berdintasunean herritarrak sentsibilizatzea, prestatzea eta gaitzea bultzatzen duen sareko gune bat da Emakunderen Berdintasun Eskola, eta aurtengo edizioa aurrekoaren esperientzia arrakastatsuaren ondoren jarri da abian, ikastaroak eskaini eta denbora gutxira bete baitziren orduan.

www.emakunde.euskadi.eus/berdintasun-eskola web orriaren bidez, "kalitatezko prestakuntza eskaintza" eskainiko da, doakoa eta pertsona bakoitzari egokitua, berdintasunarekin, aniztasunarekin eta feminismoarekin lotutako gaietan interesa duen publiko zabal batengana iristeko.

"Gure gizartean balioak aldatu nahi baditugu, ezinbestekoa da herritarrek benetako berdintasuna zer den ondo jakitea", adierazi du aurkezpenean Miren Elgarrestak.

Nabarmendu duenez, "berdintasunari buruzko prestakuntza berdintasun politiken oinarrizko zutabea da. Prestakuntza hori, legearen arabera, giza eskubideen, generoaren eta feminismoaren ikuspegitik garatu behar da, eta ikuspegi intersekzionaletik ".

Eskolaren lehenengo edizioak balio izan zuen berresteko herritarrek, enpresek eta erakundeek genero ikuspegia integratuko duen prestakuntza jasotzeko gero eta interes handiagoa dutela.

Horrela, aztertutako datuen arabera, 2.164 pertsonak parte hartu zuten, horietatik 1.829 emakumeak, eta gehienak EAEkoak (%87). Ikasleek egindako batez besteko balorazioa 8,5 puntukoa izan zen; %93k ziurtatu zuen ikastaroa baliagarria izan zela bere bizitza pertsonalerako, eta %92k aitortu zuen baliagarria izan zela euren lanetarako.

35 IKASTARO

Bada, Emakunderen Berdintasun Eskolaren prestakuntza eskaintza berria berdintasunaren inguruko hamar gairi buruzko 35 ikastarok osatuko dute aurten: 18 euskaraz eta 17 gaztelaniaz.

Landuko diren gaien artean, berdintasunari buruzko oinarrizko ikastaro batez gain, ziberfeminismoa, ahalduntze feminista, genero ikuspegia, hezkidetza, emakumeen aurkako indarkeria, berdintasunezko maskulinitateak, berdintasuna kirol praktikan, osasunean, komunikazioan, ekonomia feminista, ekofeminismoa, enpresetako berdintasun planak eta abarri buruzko ikastaroak izango dira.

Gehienak publiko orokorrarentzat badira ere, batzuk espezifikoak dira, hala nola berdintasun planei buruzko ikastaroa, enpresei zuzendua, edo maskulinitateei, berdintasunari eta kirol praktikari buruzkoa, kirol erakunde edo klubei zuzendua.

"Sortzen ari diren eskariak kontuan hartu dira, administrazioko langileez harago doazen publiko berriak identifikatu dira, eta metodologia eta formatu berriak proposatu dira", gogorarazi du Emakundeko zuzendariak.

Gai horiez gain, 'Gizonduz' ekimenaren prestakuntza eskaintza ere jasotzen du web atariak, gizonak berdintasunaren alde sentsibilizatzeko eta inplikatzeko. Ikastaroak urte osoan zehar egingo dira, doakoak dira eta Emakundek ikastaroen aprobetxamendua egiaztatuko du.

Contenido patrocinado