Emakundek botiketako profesionalak trebatuko ditu indarkeria matxistako kasuak antzematen laguntzeko

Emakunderen eta EAEko Farmazialarien Kontseluaren arteko akordioa aurkeztu dute.
IREKIA
Actualizado: miércoles, 6 marzo 2024 14:05

BILBO, 6 (EUROPA PRESS)

Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak prestakuntza emango die Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 842 botiketako profesionalei, indarkeria matxista kasuak detektatzen laguntzeko. Halaber, profesionalek biktimei arreta emateko telefonoa zabalduko dute erosketa tiketetan.

Izan ere, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak eta Miguel Angel Gastelurrutia EAEko Farmazialarien Kontseiluko presidenteak asteazken honetan Bilbon azaldu dutenez, bi erakundeak elkarlanean arituko dira indarkeria matxistaren aurkako borrokan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako botiketako profesionalen artean prestakuntza, informazio, prebentzio eta sentsibilizazio jarduerak garatuz.

Elgarrestak adierazi du farmazietako profesionalek beraiek eskatu zutela prestakuntza hori indarkeria matxistaren zantzuak dituzten emakumeei nola lagundu jakiteko. "Eskerrak eman nahi dizkiogu sektoreari indarkeriaren biktima izan daitezkeen emakumeei laguntzeko erakutsitako interesagatik eta borondateagatik", esan du.

Gainera, ekimen horrekin, "farmaziak administrazio publikoek eskaintzen duten arreta sistemara emakume biktima gehiago sartzeko ate" bihurtuko direla iritzi dio Emakundeko zuzendariak.

Horrela, ostegunean, martxoaren 7an, prestakuntza saioa egingo da Arabako profesionalentzat, eta hurrengo bi asteetan Donostian eta Bilbon egingo dira.

"Euskadiko farmazialarientzat planifikatu den prestakuntzari esker, indarkeria matxista pairatzen duten emakumeak identifikatzen ikasi ahal izango dugu, baita sintoma edo zeinuei erne egoten, seinale horien lekuko bagara nola jokatu eta, ondoren, jarduteko prozedura egokia garatu ere", adierazi du Gastelurrutiak.

SATEVI TELEFONOA

Botiketan lan egiten duten profesionalen trebakuntzaz gain, akordioak aurreikusten duen beste ekintza bat SATEVI telefonoa zabaltzea da, etxeko indarkeriaren edo sexuagatiko indarkeriaren biktima diren emakumeei informazioa eta arreta emateko zerbitzu espezializatua, alegia.

Oiane Zarate psikologoak eta 24 orduko arreta zerbitzuko koordinatzaileak parte hartu du agerraldian, eta azaldu du biktimek deiaren arrastorik uzten ez duen arreta espezializatua aurkitzen dutela SATEVIn, eta edozein zalantza edo komunikazio premia duten emakumeak zerbitzuarekin harremanetan jartzera animatu ditu.

Horrela, EAEko 842 farmaziek (438 Bizkaian, 288 Gipuzkoan eta 116 Araban) 'Indarkeria matxista/Laguntzarik behar duzu?/Deitu 900-840111 telefonora' mezua zabalduko dute erosketa tiketetan. Modu honetan, telefono zerbitzua zabaldu nahi da indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen, indarkeria kasu baten lekuko izan daitezkeen pertsonen, hurbilekoen, senideen eta profesionalen artean. SATEVIren telefonoa doakoa da eta ez da agertzen telefono fakturan.